GARA
GASTEIZ

PP eta Ciudadanos izen eta postuei buruz ika-mikan, koalizioa martxan jarri aurretik

Ciudadanosek Arabako eta Bizkaiko bigarren postuak izango zituela iragarri zuen, eta berehala ezeztatu zuen Alfonso Alonsok.

Asteazken arratsaldean iragarri zuten PPk eta Ciudadanosek akordioa lotu zutela apirilaren 5ean Gasteizko Legebiltzarrerako egingo diren hauteskundeetan elkarrekin koalizioan aurkezteko. Atzo goizean, EAEko PPko buru Alfonso Alonso «oso pozik» agertu zen. Baina gutxi iraun du giro on horrek.

Goizean goiz azaldu zuen Alonsok oraingoz ez dutela koalizioaren izena edo zerrendetan alderdi bakoitzak izango duen pisua adostu. Hala ere, laster jaurti zuen lehen gezia. «Alderdi bakoitzak daukan pisua islatu beharko litzateke», Alfonso Alonsoren iritziz.

Ciudadanosek, baina, Madrileko Kongresuan egindako agerraldi batean, Araba eta Bizkaiko zerrendetako bigarren tokiak bereak izango direla baieztatu zuen. Jose Maria Espejo idazkari nagusiaren hitzetan, Gipuzkoan ez dago akordiorik. Eta PPk sare sozialen bitartez erantzutea erabaki zuen: «Proposamen hori ezin dugu onartu. Errealitatetik abiatu behar da eta PPk, EAEn, diputatu bat, 9 parlamentari, 11 batzarkide eta 55 zinegotzi ditu. Ciudadanosek 0».

Ez ziren baina, soilik, postuak izan eztabaidan. Izen zehatzak ere bai. Hasteko, koalizioaren beraren izena. Alonsok PPren siglak islatuta agertzea defendatu zuen «eta Ciudadanosen ekarpena ere bai», bakoitzak EAEn duen pisuaren argudioa errepikatuz. Genovak atera behar izan zuen suhiltzaile lanak egitera: «Hau negoziazio bat da eta dena itxita dagoenean iritsiko da iragarpenak egiteko unea». Eta segituan iritsi zen Ciudadanosen erantzuna: «Espejok bi aldeetako negoziazio taldeek dagoeneko itxi dutena termino konkretuetan azaldu du».

Zerrenda horien parte izateko beste izen batzuk ere atera dira azken orduetan hedabide ezberdinetan. Tartean, Maite Pagazartundua edo Rosa Diez. Biak negoziazioetatik atera zituen, ordea, EAEko PPren buruak. Europarlamentariaren kasuan, «Bruselan dagoelako eta han jarraitu nahi duelako» eta Diezenean, berriz, «bere aldetik ere horretarako borondaterik ez dela izango» uste duelako. «Espekulazio» horiek, «arduragabekeria» direla gehitu zuen Alonsok eta itxoin beharra berretsi zuen.

Autogobernua

Bi alderdiek gai zehatzen inguruan agertu izan dituzten desadostasunak ere izan zituen mintzagai Alonsok. Tartean, autogobernua. Horren harira, «edozein zalantza argitzeko» dokumentu bat argitaratuko du PPk. «Gure proiektua ezin da negoziatu. Ados gauden gauzetan batuko ditugu indarrak». Akordioaren eredu gisa jarri zuen Navarra Suma, eta ez zizkion koalizioa Estatuan zabaltzeko aukerei ateak itxi.

Martinez: «Politika aktibatu beharra daukagu»

Rosa Martinezek, Elkarrekin Podemosen sektore ofizialaren lehendakarigaiak, bere zerrenda aurkeztu zuen Gasteizen. Bertan, Lander Martinez idazkari nagusiarekin batera, «euskal politika aktibatzeko beharra» nabarmendu zuen. «Beste maila batera jauzi egitera eskatzera nator, sakatu dezagun azeleragailua eta aurre egin diezaiegun parean ditugun erronkei».

EAJk eta PSEk osatu duten Gobernua «presaz, zin egindakoa bete gabe eta errealitatetik aldenduta» aritu dela kritikatu zuen Martinezek. Horren aurrean, «pertsonen zerbitzura egongo den ekonomia digital eta dibertsifikatua» jarri zuen mahai gainean. Indarkeria matxista, etxebizitza, euskara edo bizikidetza kokatu zituen datozen lau urteetako erronka gisa.

Lander Martinezek, berriz, azken legealdiko «irakaspenak eta esperientziak» jarri zituen balioan, etorkizunera begira, «berritasuna ekar dezakeena». GARA