Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gardentasuna Argitu

Hau astea gero! Nire burua bor-bor, izerditan barrutik ere, eginbeharren lepoz. Total, etxera iluntzean heldu eta mahai gaineko egunkari biei patxadaz begiratzeko behar besteko grinarik ez. Gainbegiratu arin bat baino ez. Eta jakina, asteburura ailegatu eta astekoari errepasoa egiteko ordu honetan nire buruan dena era nahasian agertzen zait, matazatuta, kronologian korapilatuta, berriak izan direnak, zaharrak barne, bereizteko nekez...

Horra, kasurako, lehengoan irakurria, nonbait piezetan idatziak faltsutuak izan zirela eta grafologoen balizko arteak deskubritu ei duela idatzietan ezkutatuko ustezko gezurra... Gernikako Estatutua! Pentsatu nuen segituan! Bada ez, Iruñea-Veleia aztarnategiko kontuaz zen albistea. Kolpea gero! Ni neu ere, zuztarbako halakoa, grafitoa eta grafenoa nahastea! Dena dela, Gernikakoaz ere zer edo zer leitu dut non edo non egunotan, geologia azterketarik gabe osatu zela eta, jakina, zelako enborra halako ezpala! Berrogei urte beranduago, hainbat klima aldaketa eta luizi bitarte, orduko paperak jasotako eskumenak bidean ei direla... Jainkoak ere baleki! Baina seguruenik ez daki, immatrikulaziotan dabil eta. Tira harira! Paper asko bidean galtzen dira, zabortegietako ikuskatzekoak, kasuko. Harrapa ezak/n gizarte digitala! Irak/n!

Bada bai, Iruñea-Veleia Argitu, Zaldibar Argitu... Iluna Argitu! Gardentasuna Argitu! Digitalizazio eta informazio aro honetan gauza asko, gehiegi ere, dira oraindik ilunpean euskal oasi honetan, non gamelu gehiago diren hareazko dunak baino, dioxina gehiago ganorazko errekak baino, pinudi tristeak pago alaiak baino... Eta leihoak ixtea bada gomendioa... hau bizimodu tristea! Galdetuko ote dute horretaz hurrengo FOCUSen? Total, kanpainetan gara, berdelekoan eta bestean. Eta ekonomia zirkularraren faltan koronabirusa hortik sobera...