Amalur ARTOLA
iruñea
Interview
ASIER BARANDIARAN
FILOLOGOA

«Egile nafarrak beti izan dira euskal sistema literarioaren ertzeko autoreak»

Nafarroako euskal idazleen emaria biltzen duen antologiaren hirugarren liburukia argitaratu du Nafarroako Gobernuak. Asier Barandiaran (Galdakao, 1970) koordinatzaile duela, 1975 eta 2000. urte arteko aldia aztertu dute bertan eta hemeretzi egileren lanak biltzen ditu, horien artean, Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Jose Angel Irigaray, Jokin Muñoz, Juanjo Olasagarre eta Patziku Perurenarenak.

1975. urtean abiatzen da antologiaren 3. zatia. Emigrazioa, Francoren heriotza, ikastolen sorrera… aldaketa handiko garaia izan zen Nafarroan ere. Nolakoa da testuingurua?

75ean etapa berri bat hasi zen Nafarroan ere, aldaketa sozial, kultural eta politiko asko izan ziren. Trantsizioa deituriko tarte horrek ibilbide berezia izan zuen Nafarroan, eta hori islatu egiten da sistema kulturalean eta gure azpisistema literarioan. Ibilbide horri arreta berezia eman nahi izan diogu hirugarren liburukian.

Zer berezitasun edo ezaugarri berezi lirateke horiek?

EAEn euskararen legea, normalizazioa... adostasun handiarekin egin zen hori guztia, baina hemen ez. Hezkuntzan ere, euskal testuen eskari handia izan zen bat-batean, baina Nafarroan, segun eta non, ez zegoen eskaririk. Bestetik, kulturan nagusi zen diskurtso euskalduna beste modu batez ikusten zen periferiatik eta, Aingeru Epaltzak komentatzen duen bezala, euskaldunak leku eta egoera askotan bigarren mailako herritarrak ziren bezala, Euskal Herriaren testuinguruan nafar euskaldunak bigarren mailako euskaldunak ere baziren. Orduan, periferia horretatik beste diskurtso politiko eta kultural batzuk egin dira eta, askotan, gauza originalagoak proposatu dira.

Testuinguru horrek zer eragin izan du literatur sorkuntzan?

Bazegoen halako adostasun bat; uste dut euskal gizartearen inguruan dauden istorioak kontatzeko modu berezia izan zutela nafar egile batzuek eta, batzuetan, ez zutela beldurrik izan diskurtso dominantearen aurrean egoera ezeroso batzuk agertzeko. Epaltza bera edota Jokin Muñoz bezalako egileak sarituak izan dira eta sari horiei esker euskal literaturaren erdigunera gerturatu dira, baina beti izan dira erdigune horren ertzean geratu diren egileak, eta hori interesgarria da, nolabait bestelako ikuspegi eta proposamenak eskaintzera eraman dituelako.

Non dago euskal sistema literarioaren erdigunera heltzeko zailtasun horren erroa?

Sistema guztietan daude erdiguneak eta periferiak, eta gurean askotan periferia kulturalak bat datoz periferia geografikoekin. Erakunde nagusiak fisikoki erdigunean kokatuta daude eta arrakasta, sari eta sisteman presentzia gehien lortu duten egileak fisikoki erdigune geografiko horretan jaioak dira. Hori batetik. Gero, zure diskurtso kultural eta literarioa jartzen baduzu zenbait eremu edo gai deserosotan, horrek ere bidaltzen zaitu apur bat periferiara. Eta azkenik, nafar ikuspegitik, har dezagun hizkuntza: hizkuntza estandarra onartzen baduzu baina estandartasun horren barruan jatorriz nafarrak diren forma linguistikoetara jotzen baduzu, irakurle gehienek –eta, bide batez esanda, irakurle gehienak erdigunean daude– ez dute horren gustuko izango.

Antologia honetan zer testu mota aurkituko du irakurleak?

Genero guztietako testu antologikoak, narrazioa, poesia... egilearen estiloaren adierazgarri direnak. Antzerki testu batzuk ere badaude, antzerkia kontsideratzen ahal delako genero literario bat, eta bertso jarriak ere badaude. Bat-bateko bertsoak ez ditugu kontuan hartu, ze horien berri emateko beste tratamendu bat beharko litzateke eta beste argitalpen baterako utziko genuke.

Testu adierazgarriak dira, erraz ulertzekoak, eta gehienetan errespetatu da idatziak izan zireneko ortografia, baina kasuren batean errespetatu da bakarrik euskalkia eta ortografia hurreratu da batuarenera. Testu interesgarriak dira Nafarroaren ekarpena ikusteko.

Tematika aldetik bada gailentzen den gairik edo bakoitzak bere gaiak, bere kezkak ditu?

Tematika zabala da, baina euskal literaturaren historian hainbat mendetan testu literarioetan gai erlijiosoak nagusitu dira. XX. mendean gaien esparrua zabaltzen hasten da, eta zentzu horretan euskal literaturaren historiarekin bat egiten du Nafarroako antologia honek ere.

Hemeretzi egileetatik bi soilik dira emakumeak, Itxaro Borda eta Laura Mintegi. Hori ere bada errealitate baten isla.

Hori da. Liburukiaren sarreran aipatzen dugu bat-bateko bertsoen arloan 1975-2000. urte tarte horretan bazirela emakumezko bertsolariak Nafarroan, ekarpen interesgarriak egiten ari zirenak. Aurreko alean [1900-1975 urteen antologia] ematen genuen beste emakume baten berri: kapitulu bat eskaini genion Perpetua Saraguetari, gerra aitzinean zenbait testu literario argitaratu eta gerraostean hainbat testu, istorio eta ipuin kontatu eta argitaratu zituenari. Eta pozgarria da 4. liburukian, 2000tik gaur egunera arteko antologia izango dena, emakumezko egile askoz gehiago egongo direla. Hori eboluzioaren isla da.