Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kolpez kolpe!

Aste honetan gaiak korapilatu zaizkit zorroztarrian, harria bera kamustu arte. Hara! Eliza beti albiste, immatrikulazioaren birusa ez bada beste zerbait dela, baina albiste! Oraingoan “Gure Aita” zer hori aldatu. Kolpea gero! Urteak behar izan nituen kantaren hitzak ikasteko, katekesi barnetegiak barne, eta ustez buruz nekienean… bai zera! Hitzak aldatu! Harrapa ezak/n Eliza 4.0! Irak/n! Lehengo “eta ez gu tentaldira eroan” itxura batean egun egoki izan ez eta “ez utzi gu tentaldian erortzen” edo antzekoa utzi dute gerorako. “Eroan/erori” kontua. Omen. Amen!

Tira, harira! Ezinbestean, lagun biak gogoan, albiste izaten segitzen duen zabortegian “eroria” izan zen orain aste batzuk, era askotako zabor-hondakin gehiegi “eroan” ei zituztelako hara. “Eroan” eta “erori”. Kausa eta efektua esango nuke, albisteek tentaldira ekarrita. Hain da tentagarria tentaldia, ezen tentatu egin nauela.

Horra kolpea ere! Jaurlaritzak esan berri du koronabirusari aurre egiteko “eskuak garbitu” behar direla. Bada, nago ni, berak sarri egin duela hori, zabor industrialen kontuan kasuko, eta, hala ere, birusa etxean dugu jada! Are gehiago, Osasunetik esanda, gaixotasun zantzurik izatekotan artatzaileek etxera hurbilduta proba egin eta lau ordutan baduzu emaitza. Kolpea hori ere! Pentsatzen hasita, gaixo egotekotan nahiago koronabirusa dioxina-furanoa baino; azken horretarako emaitza lau egunetan duzu, eta lagina Madrilera bidalita. Osasuna 4.0! Ez naiz futbolaz ari.

Total, Confebask ageri da egunotan bozeramaile legez, birusa dela edo hondakinak direla. Azal lodia gero! Tasarena ez ei da irtenbidea, botatzeko lekua izatea baino. Ahaztua dute gaurko ekonomiak ondasunak ez ezik hondakinak ere ekoizten dituela… Tori “ekonomia zirkularra”! Gainera, birusagatik lantegiak ixtekotan ez zen hondakinik bota beharko! Kolpea!