A.E.
BILBO

Lygia Clark brasildarra ereduekin jolasten hasi zenekoa

Latinoamerikako arte garaikidearen izen garrantzitsua, Lygia Clark brasildarra, neoconcreto izeneko mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. Abstrakzioaren aitzindaria Brasilen, artea eremu kontzeptual eta sentsorialetara eraman zuen. Are gehiago, psikoterapiarekin lotura estua zuten berak sortutako margolanek, eskulturek eta performance-ek. Bere mendeurrenean, Lygia Clarken modernitatearen lekuko izango gara Bilboko Guggenheimen.

Azken 23 urteetan Estatu espainolean eskaini zaion lehen erakusketa da, azkena 1997an Bartzelonako Tapies Fundazioan egindakoa baita. Beraz, gehienok ez dugu aukerarik izan Lygia Clarken (Belo Horizonte, 1920 - Rio de Janeiro, 1988) lanak aurrez aurrez ezagutu ahal izateko. Emakume interesgarri honekiko ezagutzan dagoen hutsunea betetzeko asmoa du, beraz, atzo zabaldu eta maiatzaren 24ra arte Bilboko Guggenheim museoan ikusgai egongo den “Lygia Clark. Pintura eremu esperimental gisa, 1948-1958” erakusketak.

Museoak berak ekoitzi du, gainera, erakusketa. Bilbon bukatu ondoren, Veneziako Peggy Guggenheim museora joango da.

Artista brasildarrean aditua den New Yorkeko Solomon Guggenheim Fundazioko Geaninne Gutierrez-Guimaraesek bete ditu komisario lanak Lygia Clarken lan goiztiarrak biltzen dituen bilduma honetan. XX. mendearen bigarren erdian Latinoamerikako artista garrantzitsuenetako baten hastapeneko garai horiek laburbiltzeko 83 pintura, marrazki eta maketa bildu ditu.

18 urterekin Aluzo Clark Ribeiro ingeniariarekin ezkondu zen Lygia. Aurrerantzean senarraren abizena erabiliko zuen. Rio de Janeiron errotu ziren eta hiru seme-alaba izan zituzten. 1947an artea ikasten hasi zen Lygia, artista giroan integratu eta urte batzuk geroago (1950-52) Pariserako bidea hartu zuen, bere seme-alabekin, pintura ikastera, ez baitzuen aurretik inolako prestakuntza ofizialik.

Bi urte eman zituen Parisen, bi urte erabakigarri bere ibilbide artistikoan, eta Brasilera itzultzean neoconcreto mugimendua sortu zuen.

«Eremu esperimentala»

Clarkek «eremu esperimental» gisa ikusten zuen artea, 1956an hitzaldi batean adierazi zuen moduan; pintura tradizionalaren mugak zabaldu nahi zituen, eta dena berriro definitu.

Erakusketak artistaren trebakuntza urte erabakigarriak, 1948tik 1958ra bitartekoak, aztertzen ditu. Izan ere, urte haietan, figurazioaren eta abstrakzioaren artean esperimentatu zuen, helduaroko sorkuntza lanak definituko zituen hizkuntza bisual ahaltsua egituratze aldera. Beraz, hemen bere lehenengo lan figuratiboak ikusiko ditugu, gero abstrakzioarekin egin zuen lanketa eta, Rio de Janeirora itzuli ondoren, Helio Oitizicarekin batera, neoconcreto mugimenduak proposatzen zuen arte subjektibo eta organikoa nola definitu zuen. Clarkentzat ikusleak funtsezko rola zuen, objektuaren eta ikuslearen arteko ohiko harremanarekin haustea lortu nahi zuelako.

1960tik aurrera, gero eta lan kontzeptualagoa egiten hasi zen, dimentsio sozialagoa eta parte-hartzailea aldarrikatuz. Lygia Clarken lana, bere ibilbidearen bukaeran, artearen eta psikologiaren arteko mugan kokatu zen, sinetsita zegoelako teknika psikoterapeutikoak eta artelanak elkarrekin erabilita, norbanakoak bere bizitza berrasmatu ahal izango zuela.