Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Garapen pairagarria!

Bizitza aurrera doa, zabor eta birusen arteko bidean joan, lagun batzuek bizia bidean utzi arren. Badakit, jaio unetik bertatik dugu heriotza helburu, baina demontre! Bizitza behintzat helbide izan bedi! Bizitza bizitzea! Ez, bizitza guztiak ez dira berdinak, heriotzak ere ez. Gero eta argiago agertzen dira gure gizarteak ispiluaren aurrean. Gizartea 4.0 ditxosoak, aurrerabide esaten dugun progreso zeraren ispiluan. Eta ispiluan gero eta zabor eta birus gehiago ere bai. Garapen jasangarria! Edo hobeto, pairagarria! Total, zaborrak eta birusak ere esportatu egiten dira…

Teknologian izan behar ei dugu fede itsua; fededun ez garenok ere horretara gaude deituta. Besteak beste, zaborrak eta birusak sortzen dituen teknologiaren menpe bizitzea omen da mende honen erronka. Omen. Amen. Ahaztu egiten dugu sarri teknologiak ondasunak ez ezik hondamenak ere sortzen dituela, eta batzuk eta besteak ez direla modu berean banatzen. Fedea bera ez da ona ez txarra; txarrena itsua izatea da...

Bada horretan gara. Koroa-birusak bizi gaitu han-hemen. Eta hor ari dira zero pazientearen bila. Ala paziente 4.0? Tira, sorburuaren harira! Non edo non irakurri dut zer edo zer horretaz, Suitzako banku batean ei dagoela sorburua, izenaz gogoratu gura ez dudan koroadun zer horrek ustez hango gordailuren batean gauzatu zuela birusa… Maskara beharko du koroadunak bere kopako finalean… maskarak belarrietan beharko palkoan, eta zaleek sudurrean harmailetan!

Berrogeialdian dira hainbat langile, egunetan. Berdin Estatutua, urtetan. Baina azken honetan batzuk ez dira ahalegintzen gaitzaren benetako sorburua bilatzen. Boto kanpainan dira, beste batzuk antxoarenean. Eta Eliza pozarren, eskuak sarriago garbitu behar direla eta bataiarriko urari prezioa jarri! Harrapa ezan/k! Iran/k!