Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Oronabirusa, gaitz erdi!

Hamaika ikusteko gara gero! Leihotik ikusteko! Bikaintasuna eta 4.0 oasirik oasienean derrepentean preso gaudela konturatu gara. Kolpea gero! Oasi Enea idatzi dut konturatu gabe! Egia esan, basamortua gehiago oasia baino, pinudiek ikusten utzi ez arren. Tira, konfinamendu harira! Denok preso, inoiz baino gehiago. Eta paradoxa! Etxean preso! Non geratu da “Presoak Etxera”? Unean unekoa gogoan, oraingo aldarria, “Presoak Balkoira!”. Bai, defentsa berriak garatzen ikasi behar... bertsolariak bota legez, birusean jartzean probatzen baita nolakoa den bakoitzaren eltzea, etxea...

Sozializatzea helburu ez bazuen ere, globalizazio zer horrek bi gauza behintzat sozializatu ditu, klima aldaketa eta birus demontrea. Sozializatu, batak zein besteak ez baitute, hasieran sikiera, klase soziala kontuan hartzen. Hortaz, «oronabirusa» esan lekioke etsai ikusezinari. Birusak berdindu egin gaitu; hortaz, gaitza baino gehiago, gaitz erdi! Kontuak atera (banku pribatutik batez ere), aisia-gurutzaontzi batzuk Kariben, porturatu ezinean; erreskate-ontzi batzuek hor diraute, Mediterraneoan, porturatu ezinean ere... Itsasoa gurutzatuta ere ez dira gurutzaontzi hartzen... Hau akabua!

Total, ditxosozko birusa pantailatik atera eta teklatutik pasatuta hor zehar dabil, bere kasa. Azkenik ulertu dugu gure gorputzaren ukondoak zertarako balio zuen! Lagunak agurtzeko! Beti dago zer ikasi. Horra! Etxe batean balkoiak duen garrantzia ikasi dugu! Garai batean bardoak joaten ziren balkoi azpira koblakari... Gaurko garaian balkoitik bertatik egiten dira kantak eta koplak, balkoi azpian entzule bakarra kale hutsa bada ere. Mundu aldrebesa! Lapiko jotzeak ere balkoitik, kutsatzen, kablerik gabeko sare sozial indartsua bera, balkoia! Oso onak ei gara 4.0 diseinuan, baina premiazko 0 Km-ko aho-maskarak egiteko ezinean. Ez, ez gara hain onak benetan!