Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

Digitalizazioaren erronkak are argiago

Konfinamenduak egunerokoa erabat digitalizatu du. Telelana, aurrez posibleago zena (zaintza delako orain lehentasuna). E-ikaskuntza, goizetik gauera. Txikienek ikasteko grina ez galtzeko balio dezala. Hortik gora, teknologien integrazio pedagogikoan egiteko bide luzea dugula agerian geratu da. Eta hori gutxi ez eta, Covid-19ak hezkuntzaren Google-izazioan sakontzea ekarri du. Hezkuntza multinazionalen eskuetatik askatzeko beharra ere agerian, hortaz.

EAEn Covid-19aren hedapena mugatzeko app bat ere iristear da, antza. Txinan eta Hego Korean oso eraginkorra izan omen da (beste neurri batzuekin batera). Bigilantzia masiboan ari dira han. Gakoa: lokalizazioaren datua. Berma daiteke anonimotasuna? Ezinezkoa dela dio Eiko Yoneki Cambridge Unibertsitateko ikertzaileak, betiere instituzioen helburua infektatutako pertsonak identifikatzea bada. ‘Pribatutasuna edo osasuna’ markoan ari dira. Yuval Noah Harari historialariarentzat arazoa galdera bera da. Are, teknologiak bigilantziarako baino, herritarren ahalduntzerako erabili behar direla dio.

Covid-19ak pribatutasunaren marko legalak proban jarri ditu. Europak adierazpenak egin zituen: https://labur.eus/kvaGX. Larrialdi epean lokalizazio datuak gorde daitezke, eta anonimotasuna bermatu ezin bada, estatuek legea alda dezakete. Muturreko egoera batean egonagatik, nire ustez, «pribatutasuna edo osasuna» markoko tresna digitalak ezin ditugu arrazoizko neurri saihestezintzat hartu. Une honetan marko hori eta marko horretako tresnak onartuz har ditzakegun zenbait erabakik ez lukete atzera bueltarik izango. Covid-19ak ezin du bigilantzia normalizatu. Instituzioetatik jaiotako tresna digital orok herritarren pribatutasuna zaintzeaz arduratu behar luke. Eta argi utzi: zein datu, zein eperen barruan, zein helburutarako zehazki, non gordeko da, noiz ezabatu, nor da datuen jabea, norekin banatu ahalko ditu, nola zainduko da anonimotasuna. Eta nola egin tresna horrek herritarrak ahaldundu ditzan? Gardentasunez, herritar guztientzako ulergarria den moduan adierazita. Eta herritarrek erabaki dezatela parte hartu nahi duten.