Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Presazkoari premiazkotik eutsi!

Gezurra dirudi baina bai, udaberrian gara! Balkoitik gozatu beharko, eguzki zein euri. Bitartean, kolpea gero! Birus-krisiak bizi gaitu! Birus horrek derrepente batean bazter utzi ditu lehendik ziren krisi asko eta askotarikoak. Eta ondorioz, gaurko presazkoak biharko premiazkoa urrundu du; bestelako larrialdiez nago. Egunotan hamaika ikusteko gara gero! Hemengo patronala eta hango armada parez pare, osasun zientziaren bozeramaile. Jaurlaritza koma ekonomikoa saihesteko puntu eta jarraian ari da, patroiak patroi, ospitaletan maskarak eske izan arren. Amen!

Kolpetik kolpera gero! Lehendakaria, berez, Estatuko ordezkari gorena ei da! Zertarako orduan gobernu-delegatua? Total, bertsolaria gogoan, birusean jartzean probatzen da nolakoa den autogobernua. Eskumenez nago, “eskuak” garbitzeko bai, baina xaboia kanpotik ekartzen duenari “men” egitekoak. A-men! Hamaika ikusteko bai! Baserritarrek zailtasunak dituzte noiz eta orain, zer eta beren lur-emaitzak banatzeko. Hau akabua! 0 Km-ko jakiek itxaron beharko dute krisi hau joan arte. Ez, birusa ez da buruan dugun gaitzik gaitzena. Bestalde, baina batera, birusa olinpikoki pasatu da jokoetatik, eta zuzia bera amatatu du. Amen!

Planeta medikalizatu batean bizi gara, zainketa intentsiboko unitate mugikor batean. Arnasgailuak behar dituen zer batean. Atera kontuak! Planetako munduetan arnasgailuak behar arnasa hartu ahal izateko, sudurrak berez nahiko izan ez! Hori bai, 4.0 eta Bikaintasuna buruan! Ez dakit zer den gaitzago koronabirusa ala koronabonuak!

Eta kolperik kolpeena! Birusak lortu du Politikak eta Teknologiak batera orain arte lortu ez dutena, Pariseko Gailurrean 2015ean jarritako helburuetara hurbiltzea. Sena ekarri du birusak, emisioak gutxiarazita. Hortaz, larrialdi honetatik atera bai, baina nora sartzeko? Presazkoari premiazkotik eutsi!