GARA
GASTEIZ

1,9 milioi euro Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko

Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak eta Gasteizko Gobernuak 2020rako lan ildoak zehaztu zituzten atzo. 1.930.000 euro bideratuko dituzte Ipar Euskal Herrian euskararen munduko hainbat eragile pribatuk egindako lana laguntzera.

Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beñat Arrabit Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak euskara elkarlanean bultzatzeko konpromisoa berretsi zuten atzo, bide telematikoz.

2017-2022 aldirako hitzarmena oinarri hartuta, eranskin baten bidez zehaztu zituzten 2020rako lan ildoak, baita ekitaldirako ekarpen ekonomikoa ere. Horrela, lankidetzarako esparru zehatzak ezarri zituzten, eta, era berean, erabaki zuten 1.930.000 euro bideratzea Ipar Euskal Herrian euskararen munduko hainbat eragile pribatuk egindako lana laguntzera. Zehazki, Lakuak 400.000 euro bideratuko ditu eta EEPk 1.530.000.

Zupiriak lankidetza hau «oso emankorra» zela esan zuen. «Badira hamahiru urte Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko bide berri bati ekin ziotela. Harrezkeroztik, urtero-urtero lehentasunak adosten ditugu eta elkarlanari eusten diogu».

Lan ildoak

Izenpetutako akordioa lotua dago 2017an Baionan Lakuak, EEPk eta Iruñeko Gobernuak sinaturikoarekin. Atzoko hitzarmenak 2020rako lan ildoak zehaztu ditu: B2 mailako gaitasunaren egiaztatze agiri berria sortzeko lanak abiatzea; helduen euskalduntzearen eremuan, EEPk definitzekoa duen esku-hartze estrategia kontuan hartuz, EAEn dauden laguntza dispositiboen azterketa burutzea; EAEko terminologia adituekin lankidetza egituratzea eta iraunkortzea; Gasteizko Gobernuak garatutako “Itzuli” itzultzaile neuronalean euskara/frantsesa eta frantsesa/euskara bertsioak txertatzea, edo Ipar Euskal Herriko eragile pribatuek jasoko duten laguntza nola banatuko den zehaztea.