Joxemari CARRERE
BERROGEIALDIRAKO DOKUMENTALAK

Marco Polo liluratu zuen uharte hura

Marco Polok kontatu zuen: Socotra uharteko biztanleek sorginkeriak egiten dituzte. «Baldin eta pirataren batek kalterik eragin badu uhartean, lotu egiten dute euren sorginkerien bitartez, eta barkuak ezin du uhartea atzean utzi harik eta hartutakoa itzuli arte». Era berean, nahi dutenean itsasoa baretzen dute, eta nahi dutenean, ekaitz handia ekartzen dute eta haize handia eragin itsasoan. Bidaiari veneziarrak ez du uharteko biztanleek egin ditzaketen sorginkeria horietako gehiago azalduko, «aztikeria horiek zertan diren entzun ahala, gizonak liluratu egiten baitira». Socotra uhartea –pentsa dezake norbaitek– Brooke-Hitching idazleak osatutako “Atlas Fantasma” liburuan agertzen diren, baina ez diren, irla edo lurralde horietako bat da. Baina ez. Socotra benetakoa da. Indiako Ozeanoan dago, Arabiar penintsula eta Somalia artean, Yemeneko lurretan. Marco Poloren kezka ez zen hutsala izango, agian. Jordi Esteva, idazle eta argazkilari katalana sorginkeria horrek liluratu zuen.

Esteva bidaiari nekaezin eta argazkilari apartak Socotraren liluraz “Socotra, la isla de los genios” (Atalanta) liburua argitaratu zuen 2011n eta, urte batzuen buruan, 2015ean, dokumental bihurtu zuen. Zuri-beltzez filmatutako lan honek liluraren bidezidorretatik eramango gaitu, Socotrako al-Hajar mendietan barrena.

Aspaldiko mundu bat erakutsiko digu, non kantuak, ipuinak, kondairak suaren bueltan kontatzen diren, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak zeharkatuz.

Isolamendu egun hauetan bidaia fantastikoa egiteko gonbita, nora eta Jeinuen Uhartera.