Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO DOKUMENTALAK

Txernobyl gogoan... eta sarean

Zoritxarrez, Txernobylek ez du bere gaurkotasuna galdu. Azken egunotan, hiri ukrainar honen inguruetan izandako suteak direla-eta, bertan gordetako funts nuklearren gertutasunak kezka bizia sortu du nazioarte mailan. Eta urtero, apirilaren 26a iristean, gogoan izaten dugu han gertatutako hondamendi erradioaktiboa.

Aurten 34 urte beteko dira Txernobyl “infernua” bihurtu zenetik... edo apokalipsia, Iara Lee zuzendariak dioen bezala. Leek esklusio gunean gaur egun dauden kultur mugimenduak jaso ditu dokumentalean.

Bilboko Film Sozialak jaialdiak gonbidapena luzatu digu guri, guztioi, egile honen estreinaldira; dokumentala sarean eta irekian baitago atzotik 26ra bitartean. Azpitituluak aukeratu daitezke ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz, portugesez eta arabieraz, eta apirilaren 26an, 19.00etan (GMT), Iara Lee bera gonbidatu bereziekin batera agertuko da zuzenean, Youtube kanalean eta Facebook Live-n. Eta entzuleen galderei erantzungo die Zoom aplikazioaren bidez.