Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO DOKUMENTALAK

Nina Simone gogoan

Nina Simone abeslari estatubatuarra, konpositorea, piano jotzailea eta, batez ere, errebeldea izan zen. Afro-amerikarren eskubideen aldekoa izateagatik eta hori publikoki aldarrikatzeagatik arazoak izan zituen, baztertua izateraino, Black Panther Partyren alde agertu zelako erabat. Bizitza pertsonalean, diagnostikatu gabeko bipolaritateak ez zizkion gauzak erraz jarri. Ez Ninari berari eta ez bere alabari.

Ipar Carolinan jaiotako Eunice Kathleen Waymon neska gazteak piano klasikoko lehenengo kontzertu jotzaile afro-amerikarra nahi zuen izan. Baina garaiko gizarteak ez zion utzi. Nightclub-etan ez zuten piano jotzaile emakumezkorik nahi, kantatzen ez bazuen bederen, eta hortxe sortu zen Nina Simone, aldarrikatu beharreko musikaren legenda bat. Asteartean 17 urte bete ziren hil zenetik, Frantzian, minbiziak jota. Ez zaizue damutuko 2015ean Sundanceko jaialdian estreinatu zen dokumental hau ikusten baduzue; hain ederra zen egiten zuen musika, hain latza libre izateko zuen beharra...