Andoni ARABAOLAZA
BERROGEIALDIRAKO DOKUMENTALAK

«Eternal Flame», era askeko igoera historikoa

Karakorum mendilerroan dauden Trangoko Dorreak bereziak dira oso. Eskalada alpinoa praktikatzeko arras interesgarriak dira, eta horregatik urtero-urtero makina bat eskalatzaile bertaratzen dira dorre zorrotz horiek eskaintzen dituzten bideak igotzera. Erpin horietako batek Izenik Gabeko Dorrea (6.296 m) du izena. Ez da garaiena, baina badu oso entzutetsua den altxor bat: “Eternal Flame” bidea da, 1989. urtean Kurt Albert, Wolfgang Gulich, Christof Siegler eta Milian Sykorak zabaldu zutena.

Hitz gutxitan laburtuta, mendi garai batean irekitako zailtasun tekniko handiko marra garrantzitsuenetarikoa da. 7b+ eta A2 bezala utzi zuten. Eta, jakina, denboraren poderioz lehen lerroko eskalatzaile alpino batzuk bide horren puntu gorria lortzen saiatu dira. “Eternal Flame” era askean igotzea erdietsi zutenak Alex eta Thomas Huber anaiak izan ziren.

Alpinismoan mugarria ezarri zuten; hori 2009. urtean gertatu zen. Eta anaia alemanek A2 zailtasuna ezabatu eta bide osorako 8a proposatu zuten. Pelikulan eskalada historiko horren pasarte nagusiak ikusteko aukera dago. Ez zen batere erraza izan filmatzea, besteak beste, dorrea oso garaia delako. Alabaina, ikusleak ondo baino hobeto jasoko ditu Huber anaiek eskalada horretan helarazi nahi zutena.

Anaia gazteenak, Alexek, hitzok erabiltzen ditu pelikulan “Eternal Flame”-k duen nortasuna azaltzeko: «Eite guztiak zehazten baditugu, marra hori munduko eskalada onena da: Izenik Gabeko Dorrea, Karakorumeko alderdi basatia, arroka perfektua, arriskua eta 6.000 metroko garaieran erronka apartekoa».