Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO DOKUMENTALAK

Mendibeko zerrategiko iheslariak

Kanalduden, Ipar Euskal Herriko telebistan, estreinatu berri da. Batzuei agian istorioa ezaguna egingo zaizue, “7K” aldizkarian honi buruzko erreportajea argitaratu izan delako, baina dena den dokumental honek merezi du ikustea, hunkigarria egiten baita. Bira Produkzioak ekoitzitako lan honek –Hernanin kokaturiko kooperatiba txiki bat da– ahots ugari bildu ditu. Eta beti da gozamena Mendibeko basoan begiak pausatzea, nahiz eta modu digitalean izan!

Istorioaren mamia hauxe da; 1942-1944 urteen bitartean naziengandik ihesean zebiltzan aliatu belgikarrak eta herritar xumeak laguntzeko sare klandestino bat sortu zen, Nafarroa Behereko Mendiben hasi eta Iratiko oihana zeharkatuz, Orbaizetara iristen zena. Dokumentalean, sare klandestinoaren protagonistak izan zirenei buruz hitz egiteaz gain, espioi sareak, erresistentzia belgikar, frantziar eta euskalduna, II. Mundu Gerra eta beste hainbat gairi heltzen diete. Mendibeko zerrategia eta basoan kable luze baten bidez jaisten ziren enborrak sarea estaltzeko erabiltzen zituzten belgikar borrokalariak.

Lan honetan, esaterako, Manex Sarotxar erreibindikatzen da. Lehen eta bigarren munduko gerretako heroia, artzain honek ez zuen bere herrikoengan esker on handirik jaso bizi zela. Baina lan mardula egin zuen, menditik ihesean zebiltzanak gidatzen.

Errealizazioa eta edizioa Beñat Iturriozena da, gidoia Eñaut Tolosarena. Joan den larunbatean estreinatu ondoren, orain Kanalduden nahieran egongo da ikusgai egun batzuetan eta maiatzaren 11tik aurrera, Bira Produkzioaren kanaletan.