Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO ARTEA

Agotak «online»

Xabier Santxotena eskultorea “azken agota” dela esan daiteke. Zurak eta mitoek bat egiten dute bere sorkuntza lanean, iragana gaurkotuz. Oraindik sekula ez bazarete Bozatera gerturatu, hau guztia pasatu ostean, bisita ezazue Baztango auzo berde eta eder honetan agoten memoriaren inguruan Santxotenak eraiki duen parke, museo eta eskulturen “basoa”, guztiz gomendagarriak baitira. Bien bitartean, eta itxialdi hau luzatu den heinean, egunero eta zuzenean, eguerdiko 12.00etan, bere eskultura-lan bati buruz mintzatzen da Facebooken eta bere web orrialdean.

Era berean, astearte eta larunbatetan, 12.30ean, tailer bat eskaintzen du Facebooken (Santxotena eskultura helbidean). Bozateko parkean ikusgai dauden eskulturen bozetoak egiten ditu eta horien sustraietan dauden mitologia, historia eta ohiturei buruz mintzatzen da, hau guztia haurrei zuzendutako tailerretan, noski.

Museo bizia izatea du xede betidanik Santxotenak. Bozateko parkeaz aparte, Artziniegan lantegi-museoa du.