Andoni ARABAOLAZA
BERROGEIALDIRAKO DOKUMENTALAK

Aparteko alpinista bat, jarduera paregabe batean

Duela bost urte Tom Ballard “bidaia” berezi batean murgildu zen. Esku artean zuen xedea handia zen, eta ordura arte inork ez zuen biribiltzeko aukerarik izan. Alpinista ingelesak historia egin zuen urte horretako neguan Alpeetako sei ipar horma entzutetsuenak igo ondoren. Jakina, bakarka.

Bai, urtaro gogorrenean sei pareta “hotz” horiek.

Alpinismo jarduera horrek ospe handia eman zion Ballardi. Igoera bakoitzak irudien bitartez jarraipena izan zuen; lan hori “produktu” batean bildu zutenak Angel Esteban eta Elena Goatelli zuzendariak izan ziren. Emaitza, berriz, azpimarratzeko modukoa da.

Kirol arloak indar handia du pelikula horretan, baina gehitu nahiko genuke zuzendarien lanak harago jotzen duela. Alpinista gazte baten pentsamolde berezia jasotzen dute. 2009. urtean ingeles honek Alpeetan “etxea” eraikitzea erabaki zuen. Kamioneta batean bizi zen. Eta ez zuen denborarik galtzen aurrez aurre zituen mendietan jardun ahal izateko.

Urte horietan jasotako eskarmentuak arestian aipatu dugun balentria hori egitera eraman zuen. Berriro diogu: bakarka eta neguan. Eta hori guztia Ballard-ek berak dokumentalean behin eta berriz azpimarratzen du: «Mendi bat bakarka eskalatzea eta bakarrik sentitzea... Hori da niretzat garrantzitsuena. Kontua ez da zer duzun, baizik eta duzunarekin zer egiten duzun».

Alde guztietatik begiratuta, “Tom” ederra da. Kontatzen digun istorioa berezia da oso. Eta horregatik guztiagatik uste dugu film honek jasotzen duenak alegiazko “argazkia” gainditzen duela.