Amaia EREÑAGA
BERROGEIALDIRAKO DOKUMENTALAK

Janis Joplinen urratsen atzetik

Musikazaleek gustuko izango dute, ziur asko, dokumental hau. Janis Joplin, 60ko hamarkadako ahotsik ederrenetarikoak, ospe handia lortu zuen taula gainean baina, sekula itzaltzen ez diren izar handiak bezala, gazte hil zen. Dokumental honek eguneratu egiten du emakume haren itzala, zuzeneko kontzertuak, ikerketa lan sakona eta gertutik ezagutu zutenen elkarrizketak biltzen baititu.

Urteak pasatu, hamarkadak ere bai, eta Janis Joplini buruzko biopic-ik ez zen iristen. Azkena 1975. urteko film kanadar bat izan zen, pentsa. Eta emakume honen bizipenek horretarako eta gehiagorako ematen zuten; goraino iritsi, rockaren “zeruan” eztanda egin eta bat-batean desagertu zen, Hollywoodeko film bateko protagonista izango balitz bezala.

Amy Bergek oso lan sendoa egin du, ikusteko ederra. Janisen anaia txikiak elkarrizketatu ditu, baita bere maitaleak ere, eta, nola ez, Big Brother & The Holding Companyko partaideak, Janisen blues bandako kideak.