Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Etiketa

Amesgaizto bat ez bazen ere, arras aztoragarria zen azterketen garaian edo zerbait garrantzitsua gertatzear zenean gauero errepikatzen zen ametsa: hainbat ezbehar hutsalei aurre egin ostean (berandu jaikitzea, dutxan ur berorik ez egotea), behar zen tokira iristean bat-batean ohartzen nintzen pijamarekin jantzita nengoela edo zapaten ordez etxeko zapatilak neramatzala edo gauza biak (aldaerak egoten ziren ametsetik ametsera). Okasiorako behar bezala jantzita egon ez eta debekatu egiten zidaten sarrera. Neurrigabeko lotsa nire jabe egiten hasten zen unean bertan esnatzen nintzen.

Janzkerari zenbateko garrantzia ematen diogun adibide garbia zen ametsa: haren arabera neurtzen dugu profesionaltasuna, arrakasta, burujabetasuna, autoestimua… Janzten garena garela sinesten dugu. Esadazu nola janzten zaren eta esango dizut nor zaren. Eremu birtualean jardun behar izatearen abantailetako bat, abantaila askorik ez baldin badu ere, janzkeraren morrontzatik askatuko gintuela zela uste nuen. Ez nuen nire burua pantaila aurrean pijamaz jantzita irudikatzen, baina ezta trajez jantzita ere. Baina hara non gure bizitza birtualak hasi eta egun batzuetara mezu elektronikoz jakinarazi ziguten moralari eusteko beharrezkoa zela itxura profesionala ematea.

Ez da nahikoa oztopoak oztopo geure lana egitea (lan egiteko aukera dugun pribilegiatuok); dena ezin hobeto doan itxura eman behar dugu hobeto lan egingo dugulakoan. Kontua zera da, ordea, gauden moduan gaudela sistema honek funtzionatzen ez duelako, janzten dugun moduan janzten dugula.