Idoia ERASO
KULTUR

KRISIAREN BELTZA LAGUNTZEKIN ARGITU NAHI DUTE KULTURGILEEK

BELTZEZ JANTZITAKO HOGEI ARTISTAK BAIONAKO HERRIKO ETXEKO PLAZA HILARRI BATEKIN OKUPATU ZUTEN. ILUNTASUNAREN ONDOTIK ARGIA DATOR, ETA KULTURGILEEN JANTZIEK ZURIRA JO ZUTEN; AIREA ETA LURRA MARGOTU ZITUZTEN IRINAREKIN. KULTURAK BIZIRIK JARRAITZEKO BEHAR DUEN LAGUNTZA ESKATU ZUTEN HORRELA.

Zaku zuri bat sorbaldatik zintzilik eta beltzez jantzita plazaratu ziren Ipar Euskal Herriko hogei artista. Inolako etiketa edo partaidetzarik gabe, arte bizietako profesional gisara agertu ziren Baionako erdialdean zebiltzan biztanleen aurrean. Deskonfinamenduak ezartzen dituen mugak kontuan harturik, ez zuten deialdi publikorik egin, eta han zebiltzan paseatzaileek soilik izan zuten performancea ikusteko aukera. Interesa erakusten zutenei ekintzaren arrazoia eta xedea azaldu zieten. «Artistak gara, hau egiten dugu ezin dugulako gure jarduera normalarekin segitu, baina hemen gaudela erakutsi nahi dugu», azaldu zien kulturgile batek interesa agertu zuten bi emakumeri.

Hori izan zen ekintzaren xede nagusia, zuzeneko ikuskizunak egitetik bizi diren artistek, beste edozein sektore ekonomikok bezala, koronabirusaren ondorio den krisitik ateratzeko sostengua behar dutela aldarrikatzea. «Kultura elkarrekin pentsatu, sektoreko langile guztiekin, eta elkarrizketa abiatu gure lurraldean kultura pentsatu eta egiten dutenekin batera», zioen banatu zuten idatziak.

Kultura arloko desmartxa izanik, ekintza poetikoa izatea zen xedea, eta horregatik koloreek eta irinaren presentziak argitasunerako eta itxaropenerako bidea erakutsi nahi zuten. «Hildakoak omendu eta biziak esnatu», zioen hilarriak, bizitzak bezala, kulturak ere aitzinerako bidea segitu dezan.

Ekintzan bertan segurtasun neurriak errespetatu zituzten. Hasieran partaide guztiak maskararekin agertu ziren beltzez, eta zurira pasatu aitzin, irinezko zirkulua marraztu zuten beren inguruan, ondoko artistarengandik segurtasun distantzia irudikatzen zuena: «Urrunduta baina elkarrekin, espazioa bizitzeko, asmatzeko, izateko, trukatzeko, beste aukera bati zirrikitua irekitzeko, eta oroitarazteko Artea eta Kultura denaren parte direla, eta onura publikoa direla, eta gure lanbideak babestu behar direla, beste guztiak bezala».

Hautetsiak interpelatu

Atzoko ekimenak estatu mailan egindako deialdi batekin egiten du bat. Pariseko Gobernuak hartu dituen erabakien aurrean kexua agertzeko eta kultura eta kulturgileak sostengatu ditzan eskatzeko antolatu zen. Baina bertako erakundeei ere dei egin nahi izan zieten atzo Baionan. Hori dela eta desmartxari jarraipena emateko Ipar Euskal Herriko eta Akitania Berria eskualdeko hautetsiei gutun bat igorriko diete heldu den egunetan. Ekintzan parte hartu zuen Melanie Viñolok azaldu zuen legez: «Guk ideiak dauzkagu eta beraiekin batera idatzi nahi ditugu».

Atzokoa ez dela azken ekintza izango ziurtatu zuten artistek; izan ere, «erreakzionatzera eramanen gaituzten gauza asko» izanen direla aurreikusi zuen performancean zehar, zuriz jantzitako alaitasun momentuan irrintziak bota zituen Fanny Berarde aktoreak.