30/05/2020

Mary Mallon: mende laurden bat berrogeialdian eman zuen sukaldaria
Arnaitz GORRITI
0530_eg_typhoid

Testu hau EHUko irakasle Marta Sancho-Stadlerrek idatzitako lanaren itzulpena da.

Sukar tifoidearen epidemiei buruzko ikerketa XIX. mendean hasi zen. 1879an, Karl Joseph Eberth patologoak «Typhi salmonella» baziloa aurkitu zuen; hesteak eta odola infektatzen dituena, sukar tifoidea sortuz.

Ur kutsatuaren edo elikagai-iturrien bidez zabal daitekeela ikusi zuen; digestio-bidez transmititzen dela. «Typhi salmonella» gorozkien bidez kanporatzen denez, kutsatutako pertsona batek gaitza transmititu dezake, garbitu gabeko eskuekin janaria prestatzen badu.

Bakteriologia XX. mende hasieran azkar garatu arren, ez ziren ezagutzen gaitz kutsagarriak hedatzeko modu guztiak, hala nola sukar tifoidearenak. Adibidez, oraindik ez zen deskubritu pertsona eramaile osasuntsu edo asintomatikoek gaitza transmititu zezaketela.

Mary Mallon 1869an jaio zen Cookstownen (Ipar Irlanda). 1884an AEBetara emigratu zuen osaba batzuekin bizitzen hasteko. 1900ean Mamaroneckeko (Westchester, New York) etxe batean sukaldari hasi zen: bi aste baino lehen, egoiliar guztiek sukar tifoidea hartu zuten. 1901ean Manhattanera joan zen bizitzera eta familia aberats batzuentzat lan egin zuen, eta horiek ere gaitz bera izan zuten.

1906an Oyster Bayn (Long Island) bizitzera joan zen eta Charles Warren bankari aberatsaren familiarentzat sukaldari lanean jardun zuen. Etxea okupatzen zuten hamaika lagunetik sei –Warrenen emaztea, alabetako bi, bi dontzeila eta lorezaina– sukar tifoideaz gaixotu ziren.

Gaixotasun hau auzo txiroekin lotuta zegoen, non pilaketek eta higiene-zerbitzu eskasek osasun arazo larriak eragiten zituzten. Beraz, etxeko nagusiak, oporrak bertan pasatzen zituzten bezero aberatsak galdu nahi ez zituenez, George Soper osasun-ingeniaria kontratatu zuen, sukar tifoidearen agerraldietan espezialista bera. Agerraldiaren zergatia zehazteko ikuskapen sakona egin zuen honek: edateko ura, komunak eta putzu beltza aztertu zituen, eta infekzio-iturri gisa baztertu zituen.

Sukar tifoidea agertu eta hiru astera sukaldaria besterik gabe joan zela jakitean hasi zen Soper susmatzen. Ingeniariak Mallonen lan ibilbidea arakatu zuen eta 1900. urteaz geroztik beste zazpi familiarentzat lan egin zuela eta etxeotan gaixotasun horren 22 kasu azaldu zirela jakin zuen; kutsatzeon ondorioz neskato bat hil zen.

Mary Mallon, «tifoidea»

Robert Koch mikrobiologoak sukar tifoidearen agerraldi batzuk ikertu zituen Estrasburgoko okindegi batean; okindegia eta ur-horniduraren egoera garbi zeuden. Kochek jakin ahal izan zuen okinak sukar tifoidea pasa zuela; bere onera etorrita ere, okinaren organismoak germen tifoideak zituen, eta honek higiene faltagatik kutsatzen zituen. Honen jakitun, Soperrek pentsatu zuen Maryk infekzioa transmititzen zuela elikagaiak manipulatu aurretik eskuak ganoraz garbitzen ez zituelako.

Ingeniariak sukaldariaren odol eta gorozkien laginak aztertu behar zituen susmoak baieztatzeko. Maryk laguntza ukatu zionez, Soperrek New Yorkeko Osasun Sailera jo zuen.

Malloni hartutako laginek «Typhi salmonellaren» baziloa bere gorputzean zela baieztatu zuten, sintomarik inoiz erakutsi ez zuen arren. Atxilotu egin zuten eta North Brother uhartean (Bronxeko kostaldearen parean) konfinatu zuten segurtasun publikoaren izenean.

Mallonek ere azterketa bat eskatu zion laborategi pribatu bati. Emaitzak negatiboak izan ziren: ez zuen sukar tifoiderik organismoan. Maryk aske uzteko exijitu zuen, bidegabe tratatu zutelakoan. «Germen tifoideak hedatzeko mehatxua naizela diote; ez da egia. Errugabea naiz eta gaizkile bat bezala tratatzen naute. Bidegabea da», zioen. New Yorkeko Auzitegi Gorenak ukatu egin zuen Mallonen eskaera; aitzitik, Osasun Sailaren erabakia babestu zuen.

1910ean, osasun ikuskatzaile berri batek Mary aske utzi zuen, sukaldari lanetan berriz ez hasteko baldintzapean. Baina Mary, gaitzaren eramaile ez zela sinetsita eta lan duin bat aurkitu ezinik, sukaldean hasi zen berriz, Mary Brown izenarekin.

1915ean sukar tifoidea agertu zen Manhattango Sloane amaetxean; 25 pertsonari eragin zien eta bi hil ziren. Ikerketak sukaldariarengana iritsi ziren eta iritzi publikoa kontra jarri zitzaion. Typhoid Mary, «Maria tifoidea», ezizena ezarri zioten.

1915eko martxoaren 27an, Osasun Publikoko Zerbitzuko agintariek berrogeialdi osoan jarri zuten. 1938ko azaroaren 11n hil zen, 23 urtera, pneumoniaz.

 

Gaizkile arduragabea ala gizarteak zigorturiko biktima izan ote zen Mallon?

Maryk sukar tifoidea eragiten duen bakterioa zeraman arren, ez zuen bere sintomarik agertu. Gaixotasunarekiko immunea, patogenoaren sintomarik gabeko eramaile gisa identifikatutako AEBetako lehen pertsona izan zen.

Baina Mary ez da New Yorkeko historian sukar tifoidearen eramaile hilgarriena. Tony Labella garraiolariak gaixotasunaren bi agerraldi eragin zituen 1922an, 100 lagunetik gora kutsatuz eta bost heriotza eraginez. Ehunka eramaile osasuntsu identifikatu aske zebiltzan, baina Maryk iritzi publikoa aurka izan zuen, sukaldera itzuli izana barkatu ezinik.

Zergatik izan zen Mallon bere jokabideagatik auzipetu bakarra? Judith Leavitt historialariak, ‘Typhoid Mary: Capite To The Public’s Health’ liburuaren egileak, bere «jarrera oldarkorrak» eta «aurreiritziek» –emakumea eta etorkina– eragina izan zutela uste du.

Agintariek herritarrak osasun publikoko arazotik babestu behar zituzten arren, inork ez zion Maryri lagundu. Emakume heldu ezkongabea zen eta sukaldetik urrun bizimodua ateratzeko prestakuntza gabea. Laguntza izan balu, agian ez zuen ia mende laurden bateko berrogeialdian amaituko bere bizitza.A. G.

HIGIENEA


Sukar tifoidea ur kutsatuaren edo elikagai-iturrien bidez zabal daiteke. «Typhi salmonella» gorozkien bidez kanporatzen denez, kutsatutako pertsona batek gaixotasuna transmititu dezake, garbitu gabeko eskuekin janaria prestatzen badu.