01/06/2020

Leioa Waterpolo, pausoz pauso gorenera iritsi den proiektua

Ohorezko Mailan jokatuko dute datorren denboraldian bizkaitarrek, urte luzez egindako lanaren fruitua, taldekideek aipatu digutenez.

Asier AIESTARAN
0531_kir_waterpolo1

Leioan pozez zoratzen daude, bertako emakumezkoen waterpolo taldeak Ohorezko Mailara igotzea lortu berri duelako. Beheko mailan hamarkada bat bete ostean, aurten lortutako bigarren postuak –lehiaketa bertan behera gelditu zenean bigarren zirelako– espainiar estatuko talde onenekin lehiatu ahal izateko txartela eman die bizkaitarrei. Horrenbestez, euskal talde bana izango dugu datorren urtean maila gorenean: Waterpolo Navarra gizonezkoetan eta Leioa emakumezkoetan.

«Izugarrizko poza izan da. Urte oso ona egin dugu bai joko aldetik eta bai entrenamendu aldetik. Uste dut merezitako saria dela. Esana ziguten bazegoela zurrumurrua igotzeko aukera izango genuela, baina ziurtatu arte ezin genuen ezer esan. Ez zegoen guztiz konfirmatuta. Eta larunbatean baieztatu zigutenean sekulako poza hartu genuen. Arineketan bideo deia egin genuen taldekideok eta modu horretan ospatu genuen», azaldu digu pozarren Leire Sarasolak, taldean esperientzia gehien duen jokalarietako batek.

Eta konfirmazio hori nahiko egoera berezian iritsi den arren, jokalariak ahalik eta ongien ospatzen saiatu dira. «Bai, egoera arraroa izan da, azken hilabeteetan gure arteko komunikazioak pantaila bidez izan dira. Horrek lagunekin eta familiarekin hitz egiteko balio du, baina igoera bat ospatzeko apur bat hotz gelditzen da. Baina ospatu genuen, brindis eta guzti».

Bere txikian, handi

Klubetik behin eta berriro nabarmendu dutenez, igoera sekulako lorpena da, egitura apal bat izanik Kataluniako taldeek goitik behera agintzen duten kirol batean onenen artera heltzea lortu dutelako. Halaxe baieztatu digu Jon Lopez Leioako entrenatzaileak ere.

«Kazetari batek esaten zidan historiko hitza sarritan gaizki erabiltzen dela, baina kasu honetan hala izan dela. Eta nik baietz esaten nion. Azken batean, kontuan hartu behar da Leioa Waterpolo oso klub txikia dela, herri txiki batekoa, igerileku txiki batean entrenatzen eta jokatzen duena. Eta horrelako talde bat maila gorenera heltzea oso gauza handia da, historikoa. Batez ere Ohorezko Mailan ia beti Kataluniako eta Madrilgo taldeak egoten direlako, eta hortik kanpoko edozein talde gora heltzen denean marka da», aldarrikatu du harro Lopezek.

Adibide moduan aipa daiteke aurtengo denboraldian, emakumezkoen Ohorezko Mailan, 10 taldetik 8 katalanak izan direla –Boadilla eta Zaragoza izan dira besteak–, eta gizonezkoenean 11 taldetik 8 ziren Kataluniakoak –Canoe, W. Navarra eta Tenerife ez beste guztiak–.

Baina Leioaren igoera ez da egun batetik besterako kontua izan, urte askoan egindako etengabeko lanaren fruitua baizik. «Jokalari talde honekin 2015/16 denboraldian hasi ginen lanean, eta azken urte hauetan taldea ez da horrenbeste aldatu. Eta ordutik hona oso sailkapen onak lortu ditugu: hirugarren postu bat, laugarrena, bosgarrena, berriz hirugarrena... Azken pausoa ematea falta zitzaigun eta uste dut aurten eman dugula», nabarmendu du Lopezek.

Eta Leire Sarasolak ere aurrekoek egindako lana eskertu nahi izan du, haiek gabe gaurkoa ezinezkoa litzatekeelako: «Beti esaten dugu, hau urte askotako lana dela. Ez dela guk aurten bat-batean lortutako zerbait izan. Neska asko pasa gara talde honetatik eta hau guztion lanaren fruitua da. Bakoitzak bere aldetik ahal zuena eman du, eta guztion esfortzuak batuta, bai entrenamendu aldetik eta bai konpromiso aldetik, zale, entrenatzaile eta jokalarien lanari esker, azkenean lortu egin dugu».

Ederki dakite biek zertaz ari diren. Jon Lopezek ia 15 urte daramatza emakumezkoen senior taldea entrenatzen –«klubeko gizona naiz», dio txantxetan–, eta Leire Sarasolak ia 10 Leioako koloreak igerilekuan defendatzen –«familia bat bezalakoa da niretzat», onartzen du–.

«Europako onenak hor daude»

Eta orain zer? Horixe gutxi-asko denek buruan duten galdera, maila berrira egokitzea ez delako erraza izango. Ederto daki Leire Sarasolak, unibertsitate garaian Mataro talde katalanarekin Ohorezko Mailan jokatzeko aukera izan zuelako.

«Maila aldaketa handia ikusiko dugu, hori ziur. Europako jokalari onenak liga horretan daude, Olinpiar Jokoetan ikusten ditugunak. Munduko talde onenetan jokatutako jokalariak fitxatzen dituzte hainbat taldek, eta horrek kirol maila asko igotzen du, jauzi handia izango da. Baina era berean uste dut egongo direla partida batzuk, non puntuak batzea posible izango den; eta zergatik ez, mailari eusteko helburua ere posible ikusten dut», aztertu digu jokalari bizkaitarrak.

Edonola ere, Jon Lopezek argi du ezin dutela inolaz ere erotu igoerarekin: «Oso kontziente gara herri txiki bateko talde txiki bat garela. Horrela jarraituko dugu eta horrela nahi dugu aurkeztu geure burua gorengo mailan ere. Egia da maila horretan jokatzeak aurrerapauso batzuk ematea eskatuko digula, eta gu saiatuko gara beti eman ditugun pausotxo horiek aurten ere ematen. Non? Ba entrenamendu mailan adibidez».

Hori bai, Lopezek igoerak izango duen oihartzuna baliatu nahiko luke instalazio aldetik behar diren hobekuntzak egiteko: «Nahitaez alde horretatik ere aurrerapausoak etorri behar dira. Aldaketa batzuk beharrezkoak dira. Nik ez dakit irtenbidea zein izan daitekeen, baina Bizkaiak, bereziki, behar du igerileku bat uretako lehiaketak behar bezala antolatzeko. Igerilekuak badaude, baina ez maila honetako kirola egiteko. Adibidez, Bizkaian igerileku olinpikorik ez dago. Eta gure asmoa da igoera honek eta guk urte hauetan egin dugun lanak horretarako ere balio izatea. Ea egunen batean lortzen dugun horrelako instalazio duin bat».

SELEKZIOAREN PENA


Urte luzez jokatu gabe egon ostean, 2017an berrekin zion bere bideari waterpoloko emakumezkoen euskal selekzioak. Maiatzean txapelketa oso interesgarri batean hartu behar zuen parte, Europako hainbat selekziorekin batera, baina covid-19aren erruz bertan behera gelditu zen.

GAKOA


«Uste dut orain arte apur bat gehiago sinestea falta zitzaigula. Beti zegoen gol bateko aldea edo puntu bateko aldea gorago egotea eragozten ziguna. Eta aurten uste dut erakutsi dugula heldutasun hori, guregan sinesteko eta gol bateko koska hori gure aldera ekartzeko», aipatu du Leire Sarasolak denboraldi bikain honen gako moduan.