Nagore BELASTEGI
DONOSTIA
CRISIS DEL CORONAVIRUS

Kulturako langileak: «Ez gaitzazue desagertzen utzi, mesedez»

Kulturak laguntza eskatu du beste behin. Hiltzen ari da, baina zer da kulturarik gabeko gizartea? Horregatik, denon laguntza eskatu zuten atzo kultur eragileek Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatutako elkarretaratzeetan.

«Antzezleak gara, teknikariak gara, zuzendariak gara, dramaturgoak gara, koreografoak gara, antzerkigileak gara, espazioen eta kultura-proiektuen kudeatzaileak gara, kultur irakasleak gara, ekoizleak gara, kultur banatzaileak gara, publikoa gara, kaleko arteak gara, zirkua gara, dantza gara, antzerkia gara, musika gara, kultura gara», azaldu zuten deitzaileek.

Hori dela eta “Kultura gara” izena jarri zioten irakurritako manifestuari. Hamarnaka elkarte eta erakundek agertu zuten euren atxikimendua, eta norbanako ugari ere batu ziren atzoko protestetara.

EsZenik Araba Arte Eszenikoen plataformak nabarmendu zuenez, ekainaren 21ean amaituko da alarma egoera ofizialki, baina ez kultur sektorearentzat: uda osoan zehar emanaldi oso gutxi programatu dira, eta horiek ere arriskuan dira.

«Egoera oso delikatua da sektorearentzat, eta oraindik zain gaude antzokiak eta kontzertu aretoak zabaltzeko. Kalean aritzeko protokoloak noiz zehaztuko dituzten zain ere bagaude. Bitartean, autobusak, hegaldiak, tabernak eta jatetxeak jada martxan daude», aipatu zuten.

EsZeniken iritziz, Gasteizen bizi den egoera «bereziki gogorra» da, Gorka Urtaran alkateak oraindik ez duelako pausorik eman, Bilbok eta Donostiak Lakuak martxan jarritako Uda Kulturalarekin bat egin duten bitartean. «Lanean jarri dira euren espazio kulturalak aktibatzeko, baina Urtaranek ekintza guztiak geldiarazi ditu», kexatu ziren.

Oihala altxatzen denean

Donostiako Bulebarreko kioskoan, Bilboko Unamuno kalean, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan eta Iruñeko Udaletxeko plazan, 12.30etan, jarri zuten hitzordua kultur eragileek. Leku horietan guztietan “SOS kultura” zioten kartelak atera zituzten bertaratutakoek, eta manifestua irakurtzeari ekin zioten.

«Oihala altxatu eta...» hasi ziren, txiste asko hasten diren bezala, baina begien aurrean duguna ez da txiste bat, tragedia bat baizik. «Horrela hasten dira txiste asko, oihala altxatzean gauza zoragarriak sortzen baitira. Berdin dio oihal hori antzoki batean, kontzertu areto, museo, argazki erakusketa, komiki erakusketa, kale, plaza, lonja batean edo alde zaharrean, auzoetan, herri batean, guztietan, zure aurrean edo zure barruan altxatzea. Kulturaren oihalaz ari gara, edertasuna eta bizikidetza ahalbidetzeko edonon ireki daiteken oihala, emozioak eta komunikazioa isurtzen uzteko denon artean altxatzen duguna. Horrela, nork ez luke nahi oihala altxatzea?», galdetu zuten.

Eneko Olasagasti, Euskal Aktoreen Batasuneko idazkaria, Donostiako mobilizazioan izan zen. Oso haserre zen instituzioek emandako erantzunarekin. «Eskatu duguna izan da, gutxienez, programazioa bere horretan mantentzea. Babes neurriak mantentzen diren unetik egoera zailagoa da dagoeneko guretzat, distantziak mantentzea ez delako erraza… Baina hori ez zaio inori inporta, protokolo kaskar bat atera dute», kontatu zigun.

«Donostiako Udaleko zinegotzi bat aurkitu dut eta esan dit alderdi politikoak elkartuko direla zein neurri hartu behar diren erabakitzeko. Nola alderdi politikoak? Elkartu jendearekin, hitz egin elkarteekin, ordezkariekin, eragileekin! Etorri guregana, galdetu eta kontatuko dizuegu», eskatu zien politikariei.

Konfinamenduan zehar kulturari garrantzi berezia eman zaio, baina orain, beste behin ere, bereziki kaltetutako sektore bilakatuko da, kultur aurrekontuak oro har %25 murriztuko direla aurreikusten baitute: «Aitortza egiten zaigu, hitz politak entzuten ditugu, baina… Frantziak, Alemaniak eta beste estatu batzuek esan dute kultura haien ondarea dela eta defendatu egin behar dela gauza guztien gainetik. Eta guk hori ez diogu entzun ez lehendakariari, ez Sanchezi. Hori da tamalez gure egoera. Eta orduan konturatzen zara benetan bost axola zaiela kultur arloa. Aurreko krisiak hilotz asko utzi bazituen, ez dut imajinatu ere egin nahi honek zenbat utziko dituen», adierazi zuen Olasagastik.

Aspalditik datoz kexak. Duela aste batzuk kultur sektorearentzako laguntzak iritsi zirenean, behin eta berriz aldarrikatu zuten askok ezin zituztela jaso lanaren intermitentziarengatik. «Gure eskaera Euskal Aktoreen Batasunetik izan da artista, interprete, musikari, dantzari… guztiak aldi baterako erregulazio espedienteetan sartzea. Gu ez gaude beti altan, lana egiten dugunean bakarrik», azaldu zigun. Izan ere, horrek kulturako profesional askok langabeziara jo behar izatea ekarri du, baina, «hori bukatzen denean zer?». Olasagastiren ustez, gerta daitekeena da gauzak bere onera itzultzean, eta ekoizle edo zuzendari batek aktore bat behar duenean, inor ez aurkitzea da, «bizimodua beste modu batera bilatu behar izan dutelako».

«Ez dut ezer amateurren kontra, baina badirudi hor nahiago gaituztela. Egoera oso beltza da. Ez gaitzazue desagertzen utzi, mesedez», amaitu zuen.