Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Poloniarrek atzeratu egin dute K2 mendian neguanegin asmo zuten ekinaldia

Hori baieztatu du espedizioaren zuzendari Piotr Tomalak. Arrazoi nagusia: pandemiak eragindako ziurgabetasuna. Helburu bera duten beste bi espedizioek ez dute oraindik erabakirik hartu.

Orrialdeotan behin eta berriz aipatzen ari gara covid-19aren birusa ondorio latzak izaten ari dela munduko mendilerroetara joateko asmoa zuten espedizioen artean. Himalaiako zein Karakorumeko ohiko denboraldiak bertan behera geratu ziren, eta horren ondoren neguko xedeekin zer gertatuko ote zen zain geunden. Adibidez, hiru talde dira K2 mendia (8.611 m, Karakorum) neguan igotzeko helburua dutenak. Bada, “bidean” geratu den lehen espedizioa Piotr Tomalak zuzendutako espedizio poloniarra izan da.

Espedizio bat antolatzerakoan eite asko aldez aurretik zehaztu behar direnez, poloniarrek ez dute azken unera arte itxaron nahi izan, eta baieztatu berri dute pandemiak eragindako ziurgabetasunak erabaki hori hartzera bultzatu dituela.

Tomalak berak hedabideen aurrean honakoa adierazi du: «Osasun egoera larri honek erabaki hori hartzera bultzatu gaitu. Alde batetik, espediziokideek ezin izan dute entrenamendu egokirik egin; hots, ez daude behar bezala prestatuta. Bestetik, orain bertan martxan jarri behar genuen logistika ezin dugu aurrera eraman. Eta beste arrazoi garrantzitsu bat: ez dakigu abenduan egoera epidemiologikoa nola egongo den, ezta kanpaleku nagusira heltzeko aukera izango ote dugun ere».

Osasuna lehenetsi

Hori guztia esan ondoren, Tomalak berak espedizio horretan parte hartu behar zuten alpinisten osasuna lehenetsi behar dela azpimarratu du: «K2ra egin behar genuen espedizioa, erronka alpinistiko bat izateaz gain, logistikoa ere bada. Batura Sar menditik itzuli ginenetik, agertoki ezberdinak aztertzen jardun dugu. Hurrengo hilabeteotan birusak izango duen eragina nolakoa izango den argi ez dugunez, ezin dugu taldekideon osasuna arriskuan jarri.

Beraz, erabaki zuzen bakarra espedizio hori atzeratzea da. Jakina, geure helburu nagusia K2 mendiaren neguko lehen igoera erdiestea da, eta xede hori ez dugu baztertzen, baina uste dugu itxarotea dela erabaki zentzuzkoena».

Gogoratu behar dugu poloniarrek K2 neguan igotzeko asmo hori bigarren urtez jarraian utzi dutela bertan behera. Tomalak aditzera eman duenez, iazkoan taldeak ez omen zuen eskarmentu handiko alpinistarik.

Beraz, poloniarrak etxean geratuko dira. Gainerako bi espedizioek, errusiar-kirgizistandarrak eta Seven Summit Treks egitasmo nepaldarrak zer egingo ote dute?