Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Lurralde bateko arraro desberdinak

Joan badoa, abuztua diot. Doala euria hemen utzita, udan lurrak hezetasuna behar duelako loreak ihintza beste. Agur abuztua, agur uda ofiziala, solstizioa non den bost axola baitzaio ofizialari!

Etzi nor bere lanera, edo ez-lanera, jaiak eta ez-jaiak direnez… Eta umeak eskolara, zer-zelan-nor-noiz-non… korrika eta presaka ikasten ari direla, langileak eta gurasoak ere, nonbait aurtengo uda arraroan Lakuako abuztuak ohikoak baino askoz ere egun gutxiago izan baitu. Azken finean, bertso on batean kolpea azken-azkenean badator ere, bera lantzen joan izan da lehenengo ahapalditik… iazko ikasturtea amaitu zenetik… Atzekoz aurrera! Datorrenari aurre egiteko filosofia ederra, iraganeko inertzia uxatzekoa!

Tira, eskola, harira! Zelan azalduko zaie ikasleei Hegoaldean 6 urte baino gehiagokoek jantzi behar dutela maskara baina Iparraldean 11 urtez gorakoek baino ez? 5 urteko muga dela gurea? Elikadurak eragindako gorpuzkera kontua ote? Eta azaltzekotan, nondik eutsiko gaiari? Matematikatik? Geografiatik? Politikatik? Gizartetik? Izan ere, ez dut uste osasun arlotik izango denik, ala akaso bai, hain denez dena arraroa orain… Hori bai, gure iparrean eta gure hegoan arraro desberdina!

Total, abuztua joanda agintariak aginte-lekura, asko joan legez bueltatu ere, triste. Hortaz, osatzear da Lakuan normaltasun berriko gobernu zaharra, edo normaltasun zaharreko gobernu berria edo… auskalo! Hain da zaila batzuen hitzen adiera ulertzea! Kogobernantza eta aldebikotasuna, kasuko, oraindik gogoan! Bada bai, pulpitu-politikaren giroa bueltan! Akordioa berritu dute, nazionalista eta sozialista asintomatikoek, abiadura handian egin ere politikaren paisaian orbaina, eta tunelak, uzteko… Tristeak izango hurrengo sailburuak ere? Subsidiaritatekoak? Ama, ama! Tira, Tourraren Giroa, Bueltan sikiera!