Kontxako sailkapen estropadak, nahi baino aldaketa gehiagorekin
Pandemiaren ondorioz, emakumezkoen proba gaur egingo da, gizonezkoena baino egun bat lehenago, eta izena emanda zeuden hamabost ontzietatik bi ez dira bertan egongo: Deusto eta Lapurdi. Portuko ingurune guztia erabat itxita egongo da bihar gauera arte.

Traineru denboraldiaren hasiera dezente errespetatu zuen arren, covid-19a majo baldintzatzen ari da arraun mundua azken asteotan. Eta halaxe gertatu da Kontxako sailkapen estropadekin ere, bai behintzat gaur arratsaldean (ETB1, 17.30) jokatuko den emakumezkoen sailkatze probarekin behintzat.
Hasieran izena emanda hamabost ontzi bazeuden ere, azkenean Deustok eta Lapurdik uko egin behar izan diote lehiaketari beren taldeetan positiboak izan ondoren. Deustuarren baja astelehenean jakin zen, eta atzo antolakuntzak lapurtarrena konfirmatu zuen, taldeko bi arraunlarik covid-19an positibo eman dutela jakinarazita.
Azkenean, beraz, hamahiru ontzik hartuko dute parte gaur jokoan egongo diren zazpi txarteletako baten jabe egiteko asmoz, Donostiarra zuzenean sailkatzen delako. A multzoan Donostia Arraun Lagunak, Hibaika, Hondarribia, Orio, San Juan, Tolosaldea eta Zumaia sartu dituzte; B multzoan, berriz, Cabo, Chapela, Isuntza, Lutxana, Ondarroa eta Tiran irtengo dira.
Interesgune nagusia hurrengo bi igandeetan arraun egingo duten zazpi traineruen izenak ezagutzea da, zalantzarik gabe, baina arraunzaleentzat bada beste bat: erreferentziak hartzea Euskotren Ligara igotzeko play-offera begira. Borroka horretan daude Hondarribia, Tolosaldea, Hibaika eta Cabo, eta ziur haien arteko tarteek ere emango dutela zer esana.
Neurri zorrotzak
Aurtengo Kontxa erabat desberdina izango dela argi dago, jende pilaketak ez gertatzeko oso neurri zorrotzak hartuko direlako. Hala nola emakumezkoen sailkapen estropada gizonezkoena baino egun bat lehenago egitea, edota igandeetako estropaden ordutegiak aurreratzea: emakumezkoen estropada 10.00etan hasiko da eta gizonezkoena 11.00etan.
Horrez gain, Donostiako Udalak atzo jakinarazi zuen portu ingurua erabat itxita egongo dela egun horietan. Pasealeku Berria eta Urgull mendia, esaterako, itxita daude atzo 22.00etatik biharko 22.00ak arte; portura sartzeko bideak ere bai, gaurko 11.00etatik biharko 20.00etara; eta baita Mari kaleko pasabiderako sarrera gaurko 11.00etatik biharko 19.00etara.
Halaber, Alderdi Ederren eta Kontxako pasealekuan debekatuta egongo da estropada ikusteko baranda alboan gelditzea, eta Santa Klara uhartera joaten den Ciudad de San Sebastian ontzia geldi egongo da gaur eta bihar 15.30etik eta 18.30era.
Oraindik zehaztu gabe dagoen arren, igandean ere neurri bertsuak hartuko dituzte.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
