Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Apal aritu, apalategian amaitu

Gaurko zutabe horizontala idazten hasita nagoen honetan, kilometro gutxitara dago kargu hartze ekitaldia, Ajuriaenean hirugarrenez maizter segituko duenarena. Normaltasun berrian kargu zaharra. Noiz eta antzara ez-egunean. «Apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko lur gainean zutik, eta Gernikako haritzaren azpian...». Amen! Baina, zer jaungoiko eta zer demontre! Zer kristo! Zein da horren zeregina inbestidura saioan lehendakarigaiak aipatutako trantsizio aldi honetan? Noizko pulpitu politika errotondatik aterako?

Eusko lur gainean? Ama, ama! Lur gaixoa! Legegintzaldi berrian lurzoru-legea behingoz ateratzeko gai izango balira! Eta haritzaren azpian? Gaixo hori ere, apenas gerizpea, inguruko lurrak amaitu ez zuena Estatutuak berak amaitu; eta gosez ihartu. Baina tira, berrogei urte ez da asko, are gutxiago berrogeialdien aroan, eta are gutxiago ere denboraren adiera geologikoa politikara ekarrita... Haritz gaixoa bai, Kantaurialdeko eusko lurrak “euskal-iktusak” lehortuta baitago... Eta apal-apalik? Hau akabua! Hain apal ibilita politikaren errotondetan azkenean apalategiak aldarrikapenez beteta daude Ajuriaeneako ganbaran. Poeta andaluziarrak idatzi modura, gaixo egotea baino okerragoa da mediku txarra izatea! Eta hori koronabirusa izan aurretik! Hain da fundamentuzkoa anbizioa izan eta agertzea! Total, hor nago sarean begira, kuriositate antzeko zerbaitek bultzatuta edo, ia lehendakariak hamaikakoaren zerrenda ateratzen duen: Nork-Zer, hamaika saileko gobernu-taldean. Egingo ote zuten, oraingoan sikiera, casting bat sailburuak hautatu aurretik? Nahikoa tristea da berez politika ofiziala ofiziozko politikariek oraindik ere tristeago egiteko. Izan dezatela gutxienez irribarre erakargarria, musukoak estaliko ez duena! Trantsizioan lagungarri... Portzierto, noizko leihoak izan Legebiltzar horretan?