Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Markoa! Margotu baino lehen!

Pandemia gure maparen ohiko koloreak aldatzen ari da. Iparraldeko berdea gorri bihurtu du egunotan, positiboen langa gainditu eta gero. Eta hau kolpea! Alemania izan da lehena Euskal Herria bere osoan ezagutzen, hango herritarrei zazpi lurraldeotara ez hurbiltzeko esateko izan bada ere. Ez da gaitzik onik ez dakarrenik! Politikak errotondaren kudeaketa hutsean emango ez balu eguna, gaua barne, Lakuako gobernuak bulego bat ireki lezake Alemanian, bestelako aldebikotasunak lantzen hasteko… orain arteko aldebikotasun bakarra Kantabriarekin izan baita, eguzkipean muga zabaldu eta hango hondartzetarako bidea emanez.

Lakuako gobernu kontinuistak zer-nolako koloreak lehenetsiko dituen “auskalokoa” da, baina sailburu batzuen paletan diren aukerak ikusita… ez dirudi egoerak eskatzen duen bestelako markoa lortzeko egoki nahastuko dituztenik. Berez, oihala baino funtsezkoagoa baita markoa bera ondo zehaztea, margotzeari ekin aurretik. Hots, zoom kontuetan sartu aurretik argitu angeluhandikoa! Hezurrak mamitzen hasteko hezurduraren egitura bera argitu!

Bai, osasunaz nago, eta ogasunaz! Kapaz izango ote Ekonomiaren jatorrizko adiera hura berreskuratzeko? Nork bere etxea ondo gobernatzeko artea zen hura? Eta errotonda atzean uzteko ekonomia osasuntsua aterabide hartzeko? Eta arazoen konponbide? Izan ere, aterabide guztiak ez dira konponbideak, batzuk hor-konponbideak direlako… Bai, asko dugu ikasteko, eskolatik kanpoko erakundeetan batez ere. Kogobernantzak ezin izan hango gobernu zentralari begirako exijentzia hutsa, hemen bertan barrura eta azpira begirako betebeharra ere behar du izan… gure mapako eragileak eragiteko baitira! Eragin, egin baino, errotondatik askatzeko. Geroak dakarren gorria marko egokian jartzeko gizarte zibilak eta politikoak ardurak partekatuz, desadostasunak adostuta…