Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Autoritarismoa mendebaldeko ez-oasian

Oasia da Hego Euskal Herriko eliteen fantasia politiko maitatuena, konkista eta borroka sozialak berenganatzeko erabili nahi izan dutena. Oasietan bizi omen gara euskal herritar «penintsularrak» gure buruzagi jakintsu eta zintzoei esker, nahiz eta instituzionalizazioa eta geure burua gobernatzeko aukerak eraikitzeko lana, gehienez, behekoek egina den: intxaurrondoa eta intxaurrak zen beste batzuen metafora maitatua, zehazki, jeltzaleen jokaera adierazteko. Edonola ere, oso zaharra da bertako eliteen oportunismoa, XVIII. mendearen hasieran Borboien alde eta, ondorioz, Aragoi eta herrialde katalanetako instituzio eta eskubideen kontra lerrokatu zirenez geroztikoa, bederen!

Gainbeheran da oasiaren fantasia azken urteotan, egia esan. Nafarroan astinaldi ederra jaso zuen aldaketarekin, eta pandemiak erakutsi digu noraino iristen den gure zerbitzu publikoen gainbehera, mito foralak ahulduz. Euskal mendebaldean, berriz, egoerak kolokan jarri du kudeaketa eredugarriaren diskurtso jeltzalea. Oraindik ez da alternatibarik gorpuztu, baina norabidea argia da eta EAJk ziurgabetasuna eta beldurra baliatu behar izan ditu bere nagusitasuna ez galtzeko. Gauzak horrela, jeltzaleengan aspaldi hautematen ziren joera autoritarioak areagotzen ari dira, eta pentsa daiteke bide beretik ibiliko direla etorkizun hurbilean. Domestikatu gabeko sindikatuekiko obsesioa oso argigarri eta larria izan da, esaterako, eta orain, aldiroko ohitura berreskuratu eta euskalgintzan ikusten dituzten «lerrokatze politikoak» jarri dituzte jomugan. Bien bitartean, erakutsi digute beren hautagaiaren aurrean alternatibarik aurkeztea ez zaiela zilegi iruditzen, instituzioez duten ikuspegi patrimoniala islatuz. Historia luzea da: elite zehatz batzuk edota alderdiaren interesak arriskuan ikusten dituztenean, demokraziarekiko atxikipena bigarren mailan jartzen dute. Joera orokorra da egungo eskuinean, egia esan, baina kezkagarria.