Asier AIESTARAN
Arrauna

Bandera eta guzti ospatu du Santurtzik Liga titulua

Moreek ez dute emoziorako zirrikiturik utzi eta azken estropadan erakustaldi bikaina emanda ospatu dute taldeak lortzen duen lehen Eusko Label Liga titulua. Bermeo hirugarren izan da azkenean.

Egun handia atzokoa Santurtzirentzat. “Sotera” historikoak beste pasarte bat idatzi zuen bere ibilbide arrakastatsuan, lehen aldiz TKE Liga irabaziz. Eta nola irabazi, gainera. Azken estropadan ere moreak izan ziren indartsuenak eta El Corte Ingles bandera ospetsua astinduz ospatu zuten titulua.

Goizeko lehen une garrantzitsua kale zozketan heldu zen, erabakigarria izaten baita askotan Portugaleteko estropada eremuan. Baina, zorionez, Santurtzi hirugarren kaletik irten zen eta Hondarribia laugarrengotik, horrenbesteko alderik gabe printzipioz.

Batak bestearen aldamenean egin zuten arraun, eta hasieratik hartu zuen aurrea Santurtzik, sailkapen nagusian zeukan hiru puntuko abantaila berdin zitzaiola eta estropada irabazteko asmo sendoa zuela lehen paladatik bertatik erakutsiz.

Lehen ziabogan moreena izan zen denborarik onena, nahiz eta Orio ere gain-gainean zuten lehen kaletik. Hortik aurrera, aldeak apurka-apurka handitzen joan ziren eta, Liga poltsikoan zutela, azken luzean gozatzeko aukera izan zuten Asier Zurinaga patroiak eta bere mutilek.

Azkenean 19:15:78ko denbora egin zuen Santurtzik, bere txanda nabarmen irabaziz eta aurrekoan Zierbenak egina zuena ere aise gaindituz. Garaipen bikaina, asteburuko bigarrena, eta ospakizunen garaia moreentzat.

Estropada irabazi zuen eskifaia hauxe izan zen: David Duran, Yeray Cayon, David Iglesias, Fernando Rua, Oscar Andres Medina, Diego Hermo, Adrian Gonzalez, Federico Steindl, Andoni Garcia, Sorin Silviu Dragan, Iker Pascual, Mikel Azkarate eta Ander Zabala, Asier Zurinaga patroi zutela. Eta kasu honetan, taldea osatzen duten beste kideak ere aipatu behar dira: Markel Elorza, Eneko Gonzalez (patroia), Mikel Pedrosa, Zunbeltz Perez, Gorka Rivero, Miguel Angel Ruiz, Fernando Ruiz eta Oscar Viudez, Iker Zabala entrenatzailearen esanetara denak.

Atzetik, lehia estua izan zen Bermeo eta Orioren artean. Sailkapen nagusian berdinduta zeuden bi ontziak, eta azken estropadan ere sekulako borroka izan zuten. Une askotan oso gertu izan ziren, epaileak behin baino gehiagotan sartu behar izan zuen bien artean, eta hiru segundoko zigor bana jaso zuten.

Azkenean, Bermeok hartu zuen aurre bi segundo eskaseko errentarekin, baina nahikoa hirugarren postua ziurtatzeko.

Zarautz, Tiran eta Hondarribia gorengo mailan izango dira

Emakumezkoen play-offeko bigarren jardunaldiak eman zion hasiera goizari, eta hasiera ez zen nahi bezain ikusgarria suertatu. Izan ere, marea indartsu jaisten ari zen ordu horretan eta korrontearen indarrak arazo dezente sortu zituen nesken lehian. Irteera puntuan kokatzea eta estatxa hartzea ez zen batere lan erraza izan patroientzat, eta garesti ordaindu zuen Tolosaldeak. Lehenik Cabori gertatu bezalaxe, gipuzkoarrei ez zien denbora eman ontzia irteeran garaiz kokatzeko; Aiora Sorozabal patroiak ezin izan zuen estatxa hartu, eta 10 segundoko zigorra jaso zuten horren ondorioz. Hasterako, beraz, ia aukerarik gabe geratu ziren tolosarrak.

Horrek emozio guztia kendu zion estropadari. Hondarribiak ederki egin zuen bere lana, arazoak saihestuz, eta denborarik onena egin ez arren aise lortu zuen datorren denboraldian Euskotren Ligan jarraitzeko txartela. Denborarik onena Hibaikarena izan zen.

Askoz emozio gehiago izan zuen gizonezkoen probak. Indarrak oso paretsu berriz ere, baina atzo erabakigarria izan zen ziabogetan erakutsitako trebezia. Zarautz izan zen azkarrena, Aitzol Garro patroi gazteak maniobrak bikain zuzenduta, eta Tiranek lortu zuen beste txartela, nahiz eta atzo ez zen batere fin ibili.A.A.