Maider Eizmendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Umorea

Berotik joan da pasa den astea eta trumoitsu asteburua, biak aldrebesak. Uda luzatu nahian gustura hartzen da irailak eguzkitik ematen duena, edota urriko hego haize goiz epela. Neguari kosta jaten diogu hala, ezin da jakin-eta udazkena negutu eta udaberria berriz ere noiz iritsiko den hezurrak goxatzera.

Ahotan eguraldi kontuak, monotonoak eta ia bakarrak diren osasun egoeraren inguruko hizketaldietan tartea egin ezinda. Eguraldiak zaila dena zaildu baino ez duela egiten entzun nion gizon bati kexu garagardo bat eskuan hartuta. Bizitza soziala mugatzera behartuak gaude eta egun eguzkitsuok ez dute horretan askorik laguntzen. Haurrek ez dute etxeratu nahi eta haien aitzakian helduak azkar endredatzen dira, bestela ere nahikoa denbora etxean pasa dutela pentsatuta, akaso.

Umoreko jartzen gaitu eguzkiak, kalera irtetea baino ez dago ohartzeko. Ikerketek modu zientifikoan ere berretsi dute zabaldua zen ustea. Ez da oraingoa, baina interneten topatu dut duela gutxi eguraldiak umorean nolako eragina duen aztertu duen lan horietako bat, pisukoa gainera. Sare sozialetan argitaratzen diren mezuak baliatu dituzte lagin gisa. Milioika aztertu dituzte zera ondorioztatzeko: eguraldia ona denean, mezuak alaiagoak dira, eta, gehiegizko hotza ala beroa egiten duenean, berriz, sentimendu ezkorrak nagusitzen dira Twitter edo Facebook bezalako sareetan. Euriak eta hezetasunak ere zapuzten digute gogoa, baita eguraldi lainotsuak ere.

Ikerketaren inguruko azalpenei begira, duen erabilerari lotutako aipamenak dira deigarrienak. Ikertzaileen arabera, eguraldi iragarpenak ezagututa, aurreikusi daiteke hurrengo egunetan izango dugun umorea. Eta hori zertarako? Antza, haren araberako edukiak argitaratu daitezke sarean eta mezuak egokitu gu gehiago asetzeko, gure mesedetan aritzeko, alegia. Baina, noski, bestelakoetarako ere erabili daiteke informazioa hori; etekina lortzeko, bai. Eta salmenta estrategiak lantzen dituzten enpresak jarriak dira jada eguraldi iragarpenei begira eguzki printzek eta euri bortitzek zabaltzen dituzten zirrikituetan saltzeko.