Andoni ARABAOLAZA
MENDI LASTERKETAK

Ainhoa Sanzek urrezko txartela lortu du Cap de Creus-en

Korrikalari urretxuarrak, 21 kilometroko ibilbidean lehena izateaz gain, errekor berria ezarri zuen 2 ordu eta 2 minutuko denborarekin. Oihana Kortazar bigarren postuan sailkatu zen. Biek izango dute Azores Trail Run proban parte hartzeko aukera.

Gure ingurumariko trail munduko lasterketa ia gehienak bertan behera geratu ondoren, atzo Gironan jokatu zen Cap de Creus proba hitzordu berezia bilakatu zen. Besteak beste, urriaren amaieran jokatuko den Golden Trail World Championship-erako zortzi “urrezko txartel” banatu zirelako. Lau emakumezkoetan eta beste hainbeste gizonezkoetan.

Horrek, jakina, Espainiako Estatuko goi mailako lasterkariak erakarri zituen. Hots, irteera puntuan elitean jarduten dutenetako asko ikusteko aukera egon zen. Cap de Creus-eko lasterketari dagokionez, aipatu behar a 23 kilometro eta 1.200 metroko goranzko desnibela dituela. Oro har, norgehiagoka azkarrak eta oso parekatuak ikusi ziren.

Euskal ordezkariei dagokienez, soilik emakumezkoak lehiatu ziren. Hain zuzen ere, bi gipuzkoar: Ainhoa Sanz eta Oihana Kortazar. Eta biek ala biek azpimarratzeko lana egin zuten. Urretxuarrak irabazi zuen, 2:02:26 denborarekin. Garaipena erdiesteaz gain, errekor berria ezarri zuen. Bien bitartean, elgetarrak bigarren postua eskuratu zuen.

Jaitsieran erabaki zuen

Sanzek azken kilometroetan finkatu zuen bere garaipena. Nahiz eta itxialdiaren osteko lehendabiziko lehia izan, estrategia bikaina eraman zuen aurrera: «Azken hilabeteotako nire lehen lasterketa izateaz gain, lesio batetik irten berria naiz. Berez, ez nengoen oso sasoiko, eta horregatik helmuga puntuan lehena izatea ezustekoa izan da. Lehen kilometroak lasai hartu nituen. Hots, nire erritmoa markatu nuen. Ordurako, Oihana aurretik zihoan. Une jakin batean Azara Garcia de los Salmones-ekin bat egin nuen. Oihana harrapatu genuen, eta 14. kilometroan, jaitsiera batean, erritmoa bizkortu eta Azara atzean utzi nuen. Jakin banekien jaisten hobea naizela».

Arestian aipatu dugunez, bigarren postuan Kortazar helmugaratu zen; Sanzengandik bi minutura. Canfranc-eko maratoian ez bezala, elgetarrak ezin izan zuen bere nagusitasuna erakutsi. Hala eta guztiz ere, azken bi hitzorduetan garaipen bat eta bigarren postu bat sinatu ditu. Garcia de los Salmones, berriz, hirugarrena izan zen, urretxuarrarengandik lau minutura.

Bi txartel

Bestalde, gizonezkoetan, Oriol Cardonak irabazi zuen. Katalanak 1:42:20ko denbora egin zuen, eta, Sanzek bezala, aurreko marka ondu zuen. Antonio Martinez eta Andreu Blanes elkarrekin iritsi ziren helmugara.

Lasterketaren ondoren, lasterkari gipuzkoarrak onartu zuen poz bikoitza duela: «Batetik, hitzordu hau irabazi dudalako; eta kontuan hartu behar da goi mailako kideekin lehiatu naizela. Eta bestetik, Azoreak uharteetan jokatuko den Golden Trail Championship-erako txartela lortu dudalako. Lau azkarrenek sari hori erdietsi dugu; horien artean, Oihanak. Esperientzia berri bat bizitzera joango naiz; izan ere, 30 kilometroko distantzia duten lau lasterketa korrituko ditugu. Finean, gozatzera joango naiz».

Gogoratu behar dugu, Azores Trail Run lasterketak izen handia duela. Hori gutxi balitz, urriaren 29tik azaroaren 1era arte jokatuko diren proba horietan 100.000 euro banatuko dira sarietan.