Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Haserreak bizi ditu!

Bada bai, normaltasun berriak bizi gaitu, edo. Egoeraren negatibo nagusia positiboak gora egitea da, horrek dakarren guztiarekin. Nazioartean positibo nagusia ditxosozko agintariren batek behingoz positibo eman izana da. Ez, ez da erraza positiboa eta negatiboa bereiztea, askoz errazagoa da pila alkalino ziklagarri batean antzematea.

Tira, demontre, harira! Burua bor-bor utzi naute azken egunetan irakurriek, belarrietako ezkoa beratzeko beste. Burmuina mordoilotua, bai. Horra, Hezkuntza sailburua kexu azaldu da, betiko normaltasun berri honetan Lakuako hamaikakoan ohiko bihurtu den moduan, nonbait «gizarteak irribarrea behar du, ez pankarta». Amen! Baina, akaso ez da posible pankartari irribarretsu eustea? Are gehiago, sinetsita nago horrela eusten diotela pankartadunek; beste kontua da sailburua ez konturatzea musukoak galarazten diolako.

Pozarren egon behar zuten Eusko Alderdi Jaurlaritzakoek pandemia honek guztiok utzi gaituelako gel-tzale eta gel-kide. Bada ez, haserreak bizi ditu, inoiz baino gehiago, eta politologoa ez banaiz ere, nago ni pankartetako ehunaren kontua dela, zelanbaiteko alergia edo eragiten diela begietan… Auskalo hori den! Euren Jainkoak berak baleki! Eta zer esan beheko Estatuko monarkiaz duten nahaste-borraste sintomatikoaz? Kasik errazagoa egin zait Athleticen balizko fitxaketa berriena ulertzea! Kasik esan dut. Total, aldi berean batek monarkia errepublikatzea eskatu eta beste batek euskaldunok erregerik ez dugula esan, hori bai alderdi plurala gero! Baina gogoan daukat oraindik Gernikako zin egite hartakoa: apal-apalik, bai, baina Koroarekiko leialtasunez agintzearena… Nolako egurra halako ezpala!

Total, «erakunde borroka» ei da ezkerreko subiranisten egungoa. Hortaz, arrisku taldekoa izanda zain nago Osakidetzak noiz deituko… gripe txertoa jartzeko.