Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Plateruena

Ez da eskela bat, ez da epitafioa, ez da errepide alboan, poste batean zinta amerikanoarekin lotutako plastikozko lore sortako txartelaren testua, ez da oroigarri nostalgiko bat, ez gehiegikeriaz jositako laudorio ohar bat. Ez, ez da horrelako ezer. Ez da penak kargatutako aitorpen bat, ez du inor kontsolatzeko asmorik, idazteak ez du kontzientzia garbitzeko puntu baliagarririk gehitzen, ez du inongo intentzio onik, ez txarrik... ezta erdipurdikorik ere. Konformista? Agian...

Ez da kexa azaltzeko modu bat, ez da aldarria, ez du inoren kontzientzian inongo eraginik edukiko, ez du atsekabearen apologia egin eta sufizientzia apur batez betetako «esan nizuen nik» perfektu bat utziko mahai gainean. Ez du gogoaren alde batetik bestera harrokeriarik barreiatuko. Ez da mitin batean erabiliko. Ez da prentsako titular izango, ez du inork kantu baten lelo bihurtuko. Ez du inor suminduko, piztuko, gogaituko. Ez delako sermoia, ez egia, ez errealitate-kolpeen pean lortutako aitortza, ez testamentua, ezta antzeko beste edozein dokumentu ofizial ere. Ez da arimarekin zer egin oso ongi ez dakien notario batek jasotako akta, ezta heriotza-agiri baten fotokopia edo etorkizun igarleren baten kondena saihetsezina. Ez da horrelako ezer. Eskerrak emateko modu bat baino ez du izan nahi testu honek. Mila esker Plateruena bultzatu, hornitu, jantzi, landu, posible egin duzuen guztioi, eta xuxurla goxo bat belarrira sortzen, loratzen, heltzen eta zimeltzen hurbiletik ikusteko adorea eduki duzuenei.