Laburrean

Alaves. Gasteiztarrek lortu zuten euskal garaipen bakarra Reto Ligaren lehen jardunaldian, Bartzelona B gaindituta (2-0). Osasuna puntu batekin itzuli zen Zaragozatik (1-1) eta Athleticek Lezaman galdu zuen Seagullen aurka, markagailuan aurreratu arren. Gol aldeari esker, AEM da denboraldiko lehen liderra, Alavesen aurretik.

Babeslea. Euskaltelek Eibar babestuko du, bere izena kamiseta gorri-urdinean jarrita. Athleticen eta Realaren babeslea ere bada Euskaltel.

Euro2022. Sailkapen fasearen azken-aurreko jardunaldia jokatuko da hurrengo zortzi egunetan zehar. Herbehereek eta Norvegiak garaipen bakarra behar dute txartela lortzeko. Empolin, Italiak eta Danimarkak B multzoaren lehen postua izango dute jokoan, jardunaldiko partida interesgarrienean. Bestalde, Espainiako selekzioak Mariasun Quiñones, Irene Paredes, Eunate Arraiza, Ainhoa Vicente, Nerea Eizagirre, Lucia Garcia eta Barbara Latorre deitu ditu Txekiar Errepublikaren aurkako partida jokatzeko.

Hautagaitza. Alemaniak, Belgikak eta Herbehereek 2027ko Munduko Txapelketa elkarrekin antolatzeko hautagaitza aurkeztu dutela iragarri dute. Baliteke hiru herrialdeok Norvegiak, Suediak, Danimarkak, Islandiak, Finlandiak eta Faroe uharteek elkarrekin aurkeztutako hautagaitza izatea aurrez aurre, aspaldi agertu baitzuten hautagai izateko asmoa.

Vivianne Miedema. Herbehereetako selekzioko inoizko golegile onena, Ingalaterrako WSL ligako golegile historiko onena ere bilakatu da asteburuan Arsenalekin Tottenhami egindako hat trick-ari esker. 52 gol sartu ditu 50 partidetan, gaur egun Olympique taldean dagoen Nikita Parrisek baino hiru gehiago.

Ingalaterra. Denboraldiko lehen atsekabea sufritu zuen Damaris Egurrolaren Evertonek, Brighton&Hoverekin berdinduta. Arsenalek bosgarren garaipena lortu zuen jarraian eta lidergoari eutsi dio, orain bi puntuko aldearekin. Zazpira dago Bronze, Lavelle eta Mewisen City, Readingekin berdindu eta gero.