Barbara Zangerlek«Greenspit»-en lehen igoera femeninoa egin du
32 urteko eskalatzaile austriarrak Italiako Orcco haranean dagoen 12 metroko artesi horizontala (8b+) eskalatzeko oso ekinaldi gutxi behar izan ditu.
Barbara Zangerl orriotatik igarotzen den lehen aldia ez da honakoa, eta ez da azkena izango. Duela pare bat aste eskalatzaile austriarraren goi mailako jarduera bat jorratu genuen, eta, hurrengo lerroetan, berriro ere, azpimarra jarriko diogu bere azken eskaladari. Derrigorrez. Izan ere, Italiako Orcco hareneko “Greenspit” bidearen lehen igoera femeninoa sinatu berri du.
Marra horri dagokionez, aurreratu behar dugu sona handia duen 12 metroko sabai horizontal batean artesi bat gainditu behar dela. 80ko hamarraldian polemika piztu zen erabat garbi zegoen artesi horretan paraboltak jarri zirelako. Baina denbora gutxira, Didier Berthod eskalatzaile suitzarrak seguru finko horiek kendu zituen. Beraz, “Greenspit” trad estiloko proposamen bat bezala geratu zen. Zailtasuna: 8b+. Hots, estilo horretan munduan dauden marren artean zailenetarikoa da. Sinbolo bat bilakatu zen, eta munduko espezialista sasoikoenak bidea bisitatzen hasi ziren.
Iragan urriaren 14an, “Greenspit”-ek beste igoera bat izan zuen. Baina azken honek ukitu berezi bat du, Zangerl izan baita protagonista. Ia astebeteko ekinaldien ostean, 8b+ zailtasuneko trad estiloko marra kateatzea lortu zuen. Hori gutxi ez, eta 32 urteko eskalatzaile austriarrak bidearen lehen igoera femeninoa sinatu zuen.
Kontuan hartzeko beste datu bat: eskalatu zuen egunean, Zangerlek friend guztiak igotzen ari zen bitartean jarri zituen. Eite horrek austriarraren jarduerari plus bat eman dio.
Oso azkar
Zangerlek azaldu duenez, ingurumari hori aurretik ezagutzen zuen, Duela hamar urte lehen bisita egin zuen, baina batez ere boulderrean jardun zuen. Artesi batzuk ere igo zituen, baina garai haietan austriarra blokearekin zebilen buru belarri.
Urteen poderioz, Zangerl beste eskalada estilo batzuk probatzen hasi zen, eta, antza denez, trad estiloak erabat harrapatu du. Horregatik, duela gutxi, “Greenspit”-en izan da: «Jakina, bide horren berri banuen. Nire bikote Jacoporekin [Larcher] joan nintzen, baina soilik bidea ikusi eta mugimenduak aztertzeko. Espezialista ez naizenez, itxaropen gutxi nuen marra kateatzeko. Baina, zorionez, probatzen ari nintzela ohartu nintzen nire esku zegoela. Onartu behar dut esperientzia oso aberatsa izan dela eta asko ikasi dudala».
Arestian aipatu dugunez, soilik astebeteko lana behar izan du Zangerlek “Greenspit” kateatzeko. Lehen ekinaldietan ez zuen ia ezer aurreratu, baina egun horren amaieran egoera aldatu egin zen: «Hasieran, ezinezkoa zirudien. Baina lehen egunean bertan mugimendu guztiak egitea lortu nuen. Kontuan hartu behar da marraren giltzara iritsi aurretik mugimendu zailak egin behar direla eta bertara nahiko nekatuta heltzen zarela. Giltzatik katera hiru aldiz erori nintzen».
Zangerl pixkaka aurrera egiten joan zen, baina jarduerari benetakotasuna emateko argi zuen eskalatzen zuen bitartean friend-ak jartzen joan behar zela: «Bidea erabat garbi eskalatu nahi nuen. Jakin badakit estilo horretan katera heltzea zailagoa dela; izan ere, camalot-ak igotzen ari zaren bitartean jartzeak asko nekatzen du. Hori da estilo perfektua. Ekinaldi bakoitzaren ondoren, bide guztia garbitzen nuen; hots, jarritako friend guztiak kentzen nituen. Aitortu behar dut, hala ere, marra eskalatzeak ez didala denbora asko eskatu. Harrituta nago!».
Amaitzeko, Zangerlek aitortu du pozarren dagoela lehen igoera femeninoa egitea lortu duelako: «Gainera, oso mutil gutxik izan dute arrakasta bertan».

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
