Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Gorria gorritik ikusi

Gauzak aldatuz doaz, noraezean bada ere. Baina hauxe kolpea! Ez aurretik hola erabakita, ez kausalitatez, auskalo moduan baizik, menturaz, ausazko moduan. Horixe tristeena, gerora begirako gutxieneko ganorazko bide-maparik ez dugula… gerokoak geroan bizi edo. Hain dagoz batzuk eguneroko errotondaren kudeaketarekin maiteminduta, ezen ohiz kanpoko egoeretan konponbidea hartu behar dutenean buruko leihoak zabaldu ez eta hor-konponbideak hartzen dituzten arnasestuka.

Total, gauzak aldatuz doazela. Gaurko zuloak Jaurlaritzak egiten ditu, Metroko lanetan egin ere, zementutan euroak milioika sartzeko zuloak. Kale borroka zena orain erakunde borroka ei da, frontoi borroka ere ahaztu gabe. Pilotak gero, bulego batzuetan! Oraingo euri-jasak inoizko sedimentu karga handiena ari dira errekaratzen, zorua galtzen ari den seinale. Non geratuko batzuen etika zorua galduta? Amen!

Bai, gorriak ikusten ari gara, negua heldu ez bada ere. GARAren azalera, kasuko, bueltatu da, gorria. Eta gorri horretatik ari gara euskal lurraldeen mapan gero eta nagusiagoa den gorria ikusten. Kutsatzeak indarrean ari diren seinale. Hortaz, bertsolaria gogoan: birusean jartzean probatzen da zelakoa den ongizate-estatua. Eta horixe beharko helburua izan: ongizatea eta ongiegotea, eta bietan jarraitzeko, Estatua! Baina momentuz urrun dago Euskal Estatua, balizko Basqueland. Estatutua ere ez dugu-eta. Kontuak atera, urriaren azken honetan garrantzi gehiago hartzen du Gernikako azken asteleheneko azokak Estatutu zenak baino. Goian bego!

Eta behean zer? Alarma egoera! Horixe gure egoera… Batzuek ez dute oraindik ere gobernu-leloan duten hori ulertu: «Auzolana!».

Antza, auzo beheko estatua hartzen dute, hango erabakia, eta lana... Motz geratzen dira pilotarekin, “pasa” ezinean. Auzolan halakoa!