GARA
IGORRE

«Erantzun ikaragarria» Igorren GEA-Kelvioneko langileen alde

Hiru astetik gora greba mugagabean daramatzaten GEA-Kelvioneko langileek Arratiako herritarren babes zabala jaso zuten atzo. Igorren atzoko deitutako lanuzteak jasotako «erantzun ikaragarria» nabarmendu zuten langileek. Euren borrokaren xedea «bailarako lanpostuak mantentzea eta hurrengo belaunaldiei bizitza duina bermatzea» da.

«GEA-Kelvion enpresako langileok inoiz baino irmoago egiten dugu bat enpleguaren eta lan baldintzen aldeko borrokarekin. Eskerrak eman nahi dizkiogu Igorreko herriari hiru aste hauetan eman digun babesagatik, eta bereziki gaurko [atzoko] erakustaldiagatik. Ez dugu sekula ahaztuko». Horrela baloratu zuten atzo Igorreko enpresako langileek Arratiako herrian deitutako lanuzte orokorra. Kultur etxean egindako agerraldian azpimarratu zutenez, «Igorre erantzun ikaragarria ematen ari da, eta industriak, zerbitzu publikoek edo dendek oso modu egokian erantzun diote lanuzteari».

Azken asteotako mobilizazio eta lanuzteen helburua GEO-Kelvion enpresako lantegia ixtea eta 74 langileak kaleratzea eragoztea da. Langileek iragan azaroaren 15ean hasi zuten greba mugagabea, GEO-Kelvion enpresako zuzendaritzak Madril, Camargo (Kantabria) eta Igorren dituen hiru lantegiak ixteko asmoa ikusita. Guztira 147 pertsona ari dira lanean aipatu hiru lantegietan.

Zuzendaritzaren «joko zikina eta negoziatzeko borondaterik eza» salatu zuten atzo langileek. «Azkeneko tranpa enpresa guri eskaintzea izan da; itsu-itsuan erosi behar genuen, proposamena aztertzeko astirik gabe», azaldu zuten. Galdera hau bota zuten: «Nork erabaki dezake 147 langileko enpresa bat erostea, sei egunetan, horietako hiru jaiegunak izanik gainera?». Langileek proposamena aztertzeko behar adina denbora izatea eskatu zuten, baina zuzendaritzak osteguneko gaueko hamabietan erretiratu zuen eskaintza, «eta ez dago besterik mahai gainean». «Zer da hau, txantxa makabroa?», galdetu zuten haserre.

Jaurlaritzako Industria Sailarekin ere bildu dira langileak, baina, «tratu onaz gain», oraingoz ez dute «inolako konpromisorik» jaso EAEko agintarien aldetik. Horregatik, «GEA-Kelvion ez ixteko benetako inplikazio aktiboa» eskatu diete.

Langileek beren etorkizunarekin «oso kezkatuta» daudela onartu zuten, baina baita «inoiz baino indartsuago» ere. «Etorkizun hobea merezi dugu, Arratiak etorkizun hobea merezi du», nabarmendu zuten. Horregatik, «benetako negoziazioa» exijitu zioten berriro multinazionaleko zuzendaritzari.