GARA
IRUÑEA

Urteko lehenengo Bertso Eguna, Gaiarren eta sareen bidez

Ohi baino aste batzuk geroago egin zen atzo urteko lehen Bertso Eguna. Pandemia garaiokin bat, aurtengo hitzordua berezia izango da, ez baita Bertso Egun bakarra izango. Hurrengoak, martxoan eta maiatzean.

Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira bertsolariak eta Ainhoa Larretxea gai jartzailea elkartu ziren atzo 2021eko lehen Bertso Egunean. Ez ziren Iruñeko Gaiarre antzokian arratsaldez egin zen bertso saioko protagonista bakarrak izan, Eneko Lazkozek eta Oihane Pereak ere hartu baitzuten parte emanaldian gonbidatu berezi legez.

Emanaldia zuzenean eta Internet bidez jarraitu ahal izan zen, hurrengo hilabeteotarako finkatutako Bertso Egunak bezala. Hurrengoak martxoaren 27an (18.00etan) Getariako Balentziagan Museoan eta maiatzaren 22an Hazparneko Mendeala gelan (17.00etan) izango dira. Getarian Uxue Alberdi, Unai Iturriaga eta Alaia Martin izango dira; Hazparnen, Sustrai Colina, Elixabet Etxandi, Maialen Akizu eta Amets Arzallus. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke, 12 eta 5 eurotan (online jarraitzeko).