EAEn baldintzarik gabeko oinarrizko errenta lortzeko ekimena abian da
Baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren aldeko legegintzako herri ekimenak pasa ditu jada azken izapide administratiboak. Hala, orain auzia Gasteizko Parlamentuan eztabaidatzeko beharrezkoak diren 10.000 sinadurak biltzen hasiko direla iragarri zuten atzo Bilbon.

Pobreziaren, bazterkeriaren eta giza eskubideen aldeko borrokan ibilbide desberdinak dituzten 50 pertsona baino gehiagok osatutako talde batek baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren aldeko legegintzako herri ekimena aurkeztu zuen atzo Lakuako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzan.
Taldearen hitzetan, ekimen honekin, hainbat helburu lortuko dituen lege berri bat lortu nahi dute: pobreziarekin bukatzea, enplegua banatzea eta lana partekatzea, bizitza erdigunean jartzea, erabakitzeko autonomia gehiago lortzea, modu jasangarriagoan bizitzea eta aberastasuna birbanatzea.
Norentzat?
Bilbon eginiko agerraldian azaldu zutenez, proposatzen duten baldintzarik gabeko oinarrizko errenta «gutxieneko diru kopuru bat izango litzateke, EAEko pobrezia atalasearen arabera kalkulatua. Diru sarrera hori hilabetean 900 eurokoa izango litzateke pertsona helduentzat edo emantzipatuta dauden 18 urtetik beherakoentzat; 270 eurokoa 14 urtetik beherakoentzat eta 450 eurokoa emantzipatu gabeko 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat.
«EAEn bizi diren pertsona guztiek izango lukete oinarrizko errenta jasotzeko eskubidea, lana izan edo ez, aintzat hartu gabe norekin bizi diren, beste errenta edo ondare iturri batzuk edo zein den euren administrazio-estatusa», zehaztu zuten.
Gasteizko Parlamentuko mahaian aurkeztutako legegintzako herri ekimena onartu eta gero, hauteskunde batzordearen administrazio izapidea pasatu behar du orain. Behin hori eginda, auzia Parlamentuan eztabaidatzeko beharrezkoak diren 10.000 sinadurak biltzen hasiko direla iragarri zuten.
Bide horretan, Bizkaiko taldea hasia da hainbat eskualdetan ekimenaren aurkezpenak egiten, erakunde ezberdinekin biltzen eta herrialdeko «azken txokora iristeko behar den sare guztia prestatzen». Gizarteko erakundeak eta norbanakoak parte hartzera animatu dituzte.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
