Andres OSA «SAKONA»
Interview
XABIER ORBEGOZO «ARRIA V.A»
HERRI KIROLARIA

«Erronka honek berebiziko eskakizuna du, baina lana egin gabe ez dago ezer»

Xabier Orbegozo «Arria V.a» (Errezil, 1977) hamaikatxo lan gogor egindakoa da. Aizkolaria da batez ere, aita eta aitona bezalaxe, baina beste hainbat kiroletan ere erakutsi du bere gaitasuna. Helburu bat daukanean hari zorrotz heltzen dion horietakoa da, eta argi utziko du beste behin igande honetan.

Ez dio nolanahiko erronka ipini bere buruari Arria V.ak igande honetan bere plazako kirol ibilbideari amaiera jartzeko. Lehendabizi, 08.00etan, 100 kiloko harria 10 aldiz jasoko du Ibarrako Emeterio Arrese parkean; ondoren, Tolosako hiru tontorren mendi maratoia egingo du; eta, azkenik, 10 kana-erdiko moztuko ditu. Gogor entrenatu du azken hilabeteotan ahalik eta marka onena lortzeko, 14 bat kilo ere bota omen ditu prestaketa prozesu horretan. Orain egindako lanaren fruituak jaso nahi ditu.

Errazkeria alboratuz sei orduko lanean marka ezarri nahi duzu. Ez da erronka makala...

Lehenagoko aizkolari handiak ezagutu nituen eta herri kirolak, gure kirolak, zaindu eta indartu nahi baditugu, desafioak eta marka ahaleginak ugaritu egin behar dira. Herri kirolak apustua izan du bere gustuko ekintza. Gogoan izan neguan eta udaberri partean lauzpabost desafio izaten zirela jendearen “mintzakatilo” bihurtuak.

Gaur egun «galdu egingo dut», «prestakuntza ezin izango dut ongi egin» eta horrelako kontu merkeak dira ihesbideak.

Bai. Apustuak orokorrean, eta baita nik igandean egin behar dudan lanak ere, berebiziko eskakizuna izaten du, baina lana egin gabe ez dago ezer egiterik, norberak bere burua engainatu soilik. Irabazi edo galdu, baina ala behar du. Benetako erronkak horrela hartu behar dira, bestela etorkizun beltza dugu. Txapelketak bai, baina apustuak inplikazio sakonagoa du.

Kalbarioa bikain betetzen duzu. Orain arte halakoa izan zara.

Bai, asko sufritu beharra izan dut. Berriro diot, kirol ekintza batzuk antolatuta soilik ez da mantentzen gure kirola. Jendearen interesgune izatea lortu behar dugu. Zerbait berria, belarriak tente jarriko dituzten probak behar dira.

Igandeko lana prestatzerakoan, ahulezia serio edo ondoezen bat izan al duzu?

Azkeneko hamar bat kilometroetan giharrak kargatzen hasten dira, orain arte horretaz nabarmen ohartu naiz, eta ondoren enbor gainean lana gogotik egin beharra dagoela pentsatzeak... Dena esanda dago.

Tolosako hiru tontor horietatik irrintzirik botatzeko animorik?

[Barreak] Nahiago nuke horretarako gai izatea! Nik erronka hau hartu dut, konplitzera noa eta, marka ezin badut egin, ez da porrota. Hori da jokoaren muina. Horrela pentsatzen ikasi beharra dago.

Laguntzailerik badaramazu? Zein izango dira?

Bai, biderako bi eta harri-jasotzen Izeta izango dut lagun. Amaieran egurrak mozteko unean aita eta osaba izango ditut alboan.