Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Lapurdiko zenbait hondartza itxita «Ostreopsis ovata» alga agertu ostean

«Ostreopsis ovata» algak bainularien artean osasun arazoak sortu zituelakoan, Lapurdiko zenbait hondartzatan bainua debekatu zuten abuztuaren 8an. Biharamunean, arriskurik ez zela adierazi zuen ARS agentziak eta herriko etxeak hondartzak berriz irekitzen hasi ziren.

Biarritz, Bidarte, Getaria eta Donibane Lohizuneko hondartzetan (Hondartza Handian salbu) bainua debekatuta egon da azken egunotan. Ostreopsis ovata algaren agerpenak bainulari eta surflarien artean osasun arazoak eragin zituelakoan bainua debekatzeko erabakia hartu zuten herriko etxeek igandean eta, biharamunean, arazoari irtenbide bat bilatzeko bilkura bat antolatu zuten eragile desberdinen artean.

Astelehen arratsaldean egin zuten bilkuraren ostean, Akitania Berria eskualdeko ARS agentziak hondartzak irekitzeko baldintzak bazirela berretsi zuen eta hala egin zuten hondartza gehienetan, Bidarten salbu, Emmanuel Alzuri auzapezak itsasoratzeko debekua gaur arte luzatzea erabaki baitzuen.

Gripearen antzeko sintomak

Biarrizko Udalak eman zuen ARS osasun agentziak egindako azterketen berri: «Ostreopsis ovata mikroalga identifikatu dute Lapurdiko kostan». Azaleko erupzioak eta gripearen antzeko sintomak eragin ditzakeela azaldu zuen agentziak, baina itsasoratzea debekatzeko arrazoi nahikorik ez zela gaineratu zuen Biarrizko Udalaren bitartez argitaratutako idatzian.

Itsasoratu ostean osasun arazoren bat izan dezaketen herritarrei medikuarengana joateko gomendioa luzatu die ARS agentziak, eta, gripearen antzeko sintomak izan daitezkeenez, PCR probak egitea ere aholkatu du. Horrekin batera, uraren kalitateak zer-nolako bilakaera duen aztertzen jarraituko dutela ere jakinarazi du. Ostreopsis ovata algaren agerpenaren eta kutsaduraren artean harremanik ez dagoela ere nabarmendu du osasun agentziak: «Fenomeno biologiko baten ondorioa da, ez kutsadurarena».

Surfrider fundazioa izan zen Ostreopsis ovata algaren agerpenaz ohartarazi zuena. Haien esanetan, 2011. urtean antzeman zuten jatorri tropikaleko alga Mediterraneo itsasoan, baina ez da ohikoa Kantauri itsasoan.