Jon GARMENDIA
Idazlea

Amarenak

Abuztua badoala, uda hau oroituko badut Ametsen ama hil delako izanen da. Itsasoren ama, Maddalenena, Jexuxen bidelaguna, ustekabean zendu den Miren Antia. Maite duzun jendearen jendea hiltzen denean ohartzen zara jende hitzak zentzua duela, zure zerbait hiltzen dela, edo behintzat, bihotzean min egiten dizula heriotza horrek. Bertsolariak maitatuak baitira gure herriaren luze-zabalean, gustatuko zaizu gehiago-gutiago haietako bat, baina errespetatuko dituzu denak; beharbada, enpatia da hitza; zure tokian jartzen dakitelako jartzen zara zu haienean, zure egiten dituzu.

Jexux bertsolaria da, lan eskerga egin duena bertsoaren sustapenean Ipar Euskal Herrian, doaike. Eta bat-bateko olerkariari etiketa jartzen dion hitzak zentzua Ametsekin hartzen du, historia zahar nahiz garaikideari erreparatuz nehor gutxik agertu baitu haren trebetasuna inprobisatzeko artean. «...baina ni ez bainaiz hemen neuk sortu hutsean ari, aitarena den txapel hau eskaintzen diot amari, haurra nintzela euskaraz erakutsi zidanari» Nola ahantzi Amets, txapelaren azpian kantari. Itsaso ere bertsolaria da, ez da ezaguna, baina ezagutzen duenak badaki hori. Maddalenek dohain anitz ditu, baina bertsoekin laxitoa jartzen die abilidade horiei. «Gure amek hainbeste merezi dute eta», Miren Amurizarekin bertso egunean gitarra hartuta. Atzean, isilean, sufritzen, baina beti hor ama, beti hor. Eta ama galdu du familiak. Baita bertsolaritzak ere. Ohore zuri, betiko argia, Miren Antia.