IKASTOLAKO LAGUNEN AURPEGIAK BERRIZ ERE IKUSTEKO EGUNA
JOAN ZEN ASTEAN PIRINIO ATLANTIKOETAKO PREFETURAK HARTURIKO ERABAKIARI SEGIDA EMANEZ, ATZOTIK, ZUBEROAKO, NAFARROA BEHEREKO ETA LAPURDIKO IKASTETXEETAN 6 ETA 12 URTE ARTEKO HAURREK EZ DUTE JADA MASKARA ERAMATEKO BEHARRIK. URTE BAT GEROAGO, AURPEGIA LIBRE ERAKUTS DEZAKETE. ANEKDOTARIK EZ ZEN FALTA IZAN ARNAS BERRIA HARTZEKO EGUNEAN.

Zuri-beltzez beteriko garaiotan, maskararik gabeko egunak ezin zuen kolore bakarreko irudia utzi. Horren erakusle, atzo goizean Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian Bizi Jolas ekimenaren baitan ariketak egiten atzeman genituen haur gehienek aurpegia erakusten bazuten ere, bakan batzuek musukoa jantzita zeramaten oraindik. Onerako diren aldaketek ere egokitzapen tartea eskatzen dute nonbait.
Hendaiako Gure Ikastolan 3. eta 4. mailetako haurrekin lan egiten duen Miren Arriaga Goirizelaia irakaslea gertutik ari zen haurren jolasak jarraitzen. Min ttipia hartu zuen ikaslea maitekiro eskutik helduta zuen . «9 urte eta erdi» dituen Marak aitorpen harrigarria egin zigun. Bere gelako haur gehienek dagoeneko maskara kenduta bazuten ere, bera musukoa jarrita «lasaiago» sentitzen zela azaldu zigun Marak. «Berdin zait lagunen aurpegiak ez ikustea, ni eroso sentitzen naiz», gaineratu zuen. Horrendako, ikastolako poltsan edo etxeko bazter batean «badaezpada» maskara eskura atxikiko duela oharra egin zuen. Serio demonio.
Alta, Miren Arriaga Mararen irakasleak atzokoa egun berezia zela aitortu zuen. Urte bateko “maskaraldia” amaiturik, haurrak pozik joan ziren ikastolara ikaskideen aurpegiak ikusi ahalko zituzten jakitun.
Mara ez zen, ordea, erresistentzia pittin bat erakutsi zuen bakarra. Beste hainbat ikaslek ere musukoa gorde nahi zutela azaldu zioten irakasleari. «Guri dagokigu egoeraren bilakaera azaltzea, betiere, haur guztiekiko errespetua agertuz», laburbildu zuen Arriagak.
Asteak joan asteak etorri, pandemiaren zifrek etengabe behera jo dute. Igandean 100.000 biztanleko 35,7 kasu neurtu ziren Ipar Euskal Herria barnean hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan. Hobekuntza horrek ahalbidetu duela finean maskara atzean uztea azaldu zien irakasleak 8 eta 10 urte arteko ikasleei.
«Aste honetan indarrean sartu den protokoloak agintzen duenez, irakasleok musukoa erabiltzen jarraituko dugu. Beraz, neurriak ez direla egun batetik bestera desagertu ikusiko dute ikasleek, prebentzioarekin jarraitu behar delako», nabarmendu zuen musuko beltza jarrita zeraman Arriagak. Aitortu zigunez, «maskara erabilita adierazkortasuna galdu da gelan. Haurrek askotan guk zerbait esan aurretik badakite zer azaldu nahi dugun aurpegiari so eginez, eta musukoak harreman hori zaildu du», oroitarazi zuen lehen hezkuntzako irakasleak, behar bereziak dituzten haurrentzat «egoera askoz ere trabagarriagoa» dela azpimarratuz.
«Maskararen erruz batzuetan gaizki entzuten genuen elkar. Batzuetan giroa itogarria egiten zitzaigun», gaineratu zuen. Atzokoa lasaiago arnasa egiteko eguna bazela sumatzen zitzaion.
Malgutasunez jokatu
Ikastolako eragile orok, bereziki haurrek, egokitzeko gaitasuna «aski frogatu» dutela errepikatu zigun behin baino gehiagotan irakasleak, betiere «malgutasunez jokatzeko beharra» nabarmenduta. Anekdota gisa, metro gutxira Bizi Jolas programaren barruan antolaturiko proba bat egiten ari zen Unaxi zergatik ez zuen maskara kentzen galdetu zion klasera sartzerakoan irakasleak. «Hotz handia egiten duelako!» erantzun zion, pozez zoratzen, maskara paparrean, sagar bilketa jokoan parte hartzen ari zela aurrera eta atzera lasterka ikusi genuen ikasleak.
Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Federazioak elkarlanean garatzen duten Bizi Jolas programaren animatzaile Aritz Bereziartuaren iritziz, haurren ongizaterako ona izanen da maskara alboan uztea. «Osasunaren izenean, osasuna bere osotasunean aintzat hartzen ez zuten hainbat neurri, agian kaltegarriak izan zitezkeenak, bete behar izan dituzte haurrek», azaldu zuen azkeneko bi ikasturteetan indarrean izan diren osasun protokoloek utzitako arrastoari buruz galdetuta.
«Txertoak direla, zein beste neurriak direla, egin beharrekoak eginak daude eta hemendik aurrera ezin dugu etengabe beldurrez bizi», gehitu zuen Bereziartuak, betiere, «haur bakoitzak izan duen bizipena aintzat hartuta». Hori dela eta, «haurrei erran diegu ahal dutela maskara gabe ibili, baina inor ezertara behartu gabe», laburbildu zuen.
Unaxek, hotza zuenez, maskara buff bezala baliatu zuen atzo. «Lasai nago musukoa jantzita dudanean, baina baita ez dudanean ere» bere neurriko irizpideari helduta, Mirenen eskuetatik askatu eta lagunengana bertaratu zen berriz Mara. Gurasoak ez kexa: mina fite joan zitzaion neskato irribarretsuari...

«Hay que articular un impulso nacional para afrontar los retos»

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»
