Amets Jordan Arrieta eta Kepa Blazquez Roteta
Ehgam Berramestuz ekimena
KOLABORAZIOA

3, 2, 1... Ehgam! Guztiokin, guztiontzat

Ehgam sortu zenetik 45 urte inguru pasatu dira jada eta sexu askapenaren borrokak hainbat gorabehera bizi izan ditu. “Peligrosidad Social” legea bertan behera uztetik hasita, gaur egun pil-pilean dagoen trans* legera, aldaketa administratibo eta juridikoek LGBT+ pertsonen bizitzak transformatu dituzte, baina sakoneko eraldaketak sortzeko dituzten mugak ere agerrarazi dituzte. Areago, aldarrikapenak estatuari zuzentzeko hautuak, lege berriak onartu edo zaharrak alboratzea eskatuz, bere alde arazotsuak ere izan ditu: LGBT+ akronimoa osatzen duten pertsona multzoaren barruan batzuk are gehiago alboratu ditu eta klase, arraza eta genero ezberdinkeria ageriago utzi du. Maila ekonomiko egokia duten gizon homosexualek bizi duten errealitatea eta langile klaseko trans* emakumeek bizi dutena, esaterako, oso ezberdinak dira.

Mugimenduak jakin izan du erronka berri hauei erantzuna ematen. Adibidez, egoera bertsuan dauden kideak elkar babestu eta erantzun politikoak artikulatzeko elkartu dira, trans* emakumez, lesbianez edo maritxuz osatutako taldeak sortuz. Talde horien jardunak problematika berriak jarri ditu mahai gainean, baina hainbat zailtasun ere planteatu dituzte. Adibidez, mugimendua oso zatikatua ageri zaigu, aldarrikapen eta estrategiak bateratzeko gaitasun txikiagoarekin eta gero eta zehatzagoak diren identitateen inguruan antolatua, horrek dakarrenarekin. Hori gutxi balitz, kapitalismoak identitate horien beta aprobetxatzen jakin izan du, eta LGBT+ jendeongan aukera ikusi du produktu espezifikoak eskaini eta etekina ateratzeko.

Duela hilabete batzuk, Ehgamen ari ziren kideen deia jaso genuen, elkarteari indar berriak eman eta belaunaldien arteko erreleboa egiteko laguntza eskatuz. Herri honetako hainbatentzat horren erreferentzia garrantzitsua izan den elkartean parte hartzeak harrotasunez bete gintuen, baina baita zalantzaz ere: egin dezakegu aurrera Ehgamen jarduerarekin elkartea bera birpentsatu gabe? Izan ere, urteekin, eta asmoa hori izan ez arren, taldea asko murriztu da kide kopuruan baina, bereziki, konposizioari dagokionez. Konturatu orduko mutilez osaturiko taldea bilakatu da, eta erreferentzialtasun nagusia ere horientzat du. Gauzak horrela, gure lehen ametsa irudikatzeko ariketa egin genuen: guztiontzako mugimendu bat, sexu askapenean ekarpena egin nahi duen ororentzat.

Jakin badakigu ez dela erraza urte luzeetako inertziari buelta ematea, baina merezi duela pentsatzen dugu. Sexu askapenak subjektu eta problematika ugari ditu, bai, eta bakoitzak bere aldarrikapen, espazio eta autonomia izan behar ditu, baina horrek ezin du ekidin elkarrekin jardun eta ekitea. Lana eskatzen du, baina uste dugu merezi duela. Konpartimentu itxiak ireki eta elkarrekin jarduten dakien sexu askapen mugimendua nahi dugu, bere burua beste borrokekin elkarlanean egiten duena: kapitalismoaren aurkako borrokekin, euskaltzaleekin, feministekin, arrazakeriaren kontrakoekin eta, oro har, mundu justuagoa sortu nahi duten mugimendu eta ekimenekin.

Urria eta azaroa bitartean KOSA hausnarketa zikloa antolatu dugu. Aitzakia bat, egia esateko. Gure komunitate eta borrokentzat garrantzitsuak diren auziak eztabaidatu nahi ditugu, bai. Baina, nagusiki, parte hartu nahi duen ororekin elkartu eta Ehgamen etorkizuna berramestu nahi dugu. Zor historikoak eskuan, deialdi berezia egin nahi diegu trans* jendeei, lesbiana, bisexual eta bestelako disidentzia sexualei, elkartearen konposizioa, lan-lerro eta helburuak zabaltzeko lanean kide izan daitezen. Ehgam denontzat aterki eta tresna izan dadin, elkarrekin zer lortu nahi dugun amestu eta borrokari ekiteko.