Jon GARMENDIA
Idazlea

Hustuz bete

France Cultureko emankizun zahar batean “Le rythme poétique selon Jakobson” atzeman dut, Roman Jakobson handiaren «poesie pensée» errusiar formalismoaren begirada. Poesian hitza hitz bezala sumatu behar dela erranaz, hitzen eta beren eraketaren balioa beren barnean izan dezaten. Sentimena ikuskera partikular bezala eman artearen helburua betetzeko. Eta udazkeneko sofan etzanda malenkoniaz harrapatu nau auto istripuz biziki gazte hildako Mitsou Ronat poetisaren bozak, bai, zuretzat koloretsua dela ez dut ahanzten. Gogoan iltzatzen zaizkidan esaldiak, kantu sentikor baten estrofak bezala bizitzaren bidegurutzeetan norabide bat eskaintzeko laguntza direlako, artzain ttipiak, gidariak, beharrak hala eraginda helduleku bat oparitzen dizuten behatokiak, liburu maitatu bateko lerroen distirak bezala agian. Izango da alai zaudela, izango da triste, gaitz baten menpe, hurkoa galdu duzulako negarrez, hortxe itzuliko zara zizelkatua daramazun mezu esanguratsura. Esaldi potente bat utzi nahi nuke nik ere lorratz gisa, datozenei iraunkor izan dakien; izango da bat hainbesteren artean, noski, ezin baita beti huts egin, nahiz askotan sentsazio horrekin gelditu naizen aspaldi idatzitako ideia batzuk eskeletan aurkitu ditudanean. Dialektikaren aroaren influentziari egozten diot nik ere gaiaren desbideraketa oro, erraten dudana hain argi ote dudan beste pentze bateko lorea baita. Labur, zehatz, heien pentsamendua helarazten zutenen belaunaldiaren galdera egin dut, eta nehork ez dit erantzun egun.