Idoia ERASO
DONIBANE LOHIZUNE

Hiru emakume eta hiru gizon, Xilabako txapela irabazteko lehian

Larunbatean Donibane Lohizunen eginen den Xilabaren finalean hiru emakume eta beste hainbeste gizon ariko dira, Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolaritza txapela irabazteko lehian: Amets Arzallus Antia, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Odei Barroso Gomila, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren.

Donibane Lohizuneko Jai Alaiko eszenatoki gainean saioa gidatzen emazte bat eta gizonezko bat ariko dira, Amaia Castorene eta Aritz Bidegain. Lehiakideak ere erdi eta erdi izanen dira, eta behetik taula gainean begira egongo diren epaileen artean ere horrela izanen da. Horrekin pozik agertu zen Ortzi Idoate, Bertsularien Lagunak elkarte antolatzaileko kidea.

Andoni Iturriozek jantziko dio txapela irabazleari. Idoatek Iturrioz hautatu izanaren arrazoia horrela azaldu zuen atzo, Donibane Lohizunen egin zuten agerraldian: «Bertsolaritza, eta oro har, euskal kultura eta euskal nortasuna, itzaleko lanetik hainbeste lagundu duelako».

Aurreko edizioan baino ikusle gutxiago bildu da seigarren Xilaba honetan. Hainbat arrazoi izan daitezkeela aipatu du Idoatek: «Ohi baino entzule gutxiago ibili da, osasun ziurtagiria eskatzeak eta, pandemiari loturiko debekuen ondotik, beste eragile anitzek une berean ekimenak antolatzeak eragina izan dute segur aski». Aldi berean, Bizkaiko eta Nafarroako bertsolaritza txapelketak momentu berean egiteak eragina izan ahal duela gaineratu du.  

Xilaba 2020an ongi abiatu zen baina, pandemia zela eta, bertan behera utzi behar izan zen, eta aurten berriz berreskuratzea deliberatu dute; besteak beste, heldu den urtean ospatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusira joango diren Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako ordezkariak hautatu behar direlako.

Makean irailaren 18an abiatu zen lehiaketan parte hartu duten bertsolariak ere gutxiago izan dira, 28tik 24ra jaitsi baita.

Larraldea, bertsolarien etxe eta euskal kulturaren elkargune

Senperen dagoen Larraldean du egoitza Bertsularien Lagunak elkarteak. Baina ez da XVI. mendeko etxean dagoen elkarte bakarra, euskal kulturari loturiko beste batzuk ere bertan baitute elkargunea. Amotze auzoan den eraikin hori Andoni Iturriozena da; Parisetik Euskal Herrira itzuli zen 62 urterekin, etxea erosi, konpondu, eta kulturaren alde ari direnen esku utzi zuen.

Laguntza hori eskertzeko, aurtengo Xilabako irabazleari txapela janzteko eskatu diote Iturriozi antolatzaileek, eta «ohore handi bat denez» baietz erantzun du. Itzalean egindako lana eskertu nahi izan diote horrela, baina berak argiki erantzun du: «Nik erraten dut beti bertsolariei uzten diedala eltzea, eta eltzekaria beraiek egiten dutela; nik ez dut gauza handirik egiten».

Txapelketak ongi direla dio Iturriozek, baina bera pozten duena da «zenbat haurrek ikasten duten bertsolaritza; arrunt polita da ikustea ze fite ikasten duten, ze autoestimu hartzen duten. Hori maite dut, eta bertso afariak».

Duela hamabost urte utzi zien instalatzeko tokia Bertsularien Lagunei, geroztik bai elkartea bera, bai etxeak hartzen dituen taldeen kopurua handitu egin dira: «Joana Mendiburu ezagutu nuen, bertso munduan sartua da, eta galdetu zidan ea zergatik ez nien uzten txoko bat egoitza egiteko, eta horrela hasi nintzen. Gaur egun hamar elkarte dira, eta ni kontent naiz». Besteak beste, Gastibeltza Filmak, Eguzkilore antzerki taldea eta Lapurdi 1609 jarduten dira bertan. I.E.