GARA
BIARRITZ

Etxegabe batena da Biarritzen agerturiko eskeletoa

Baionako Poliziak atzo jakinarazi zuenez, bere desagertzea nehork jakinarazi ez zuen etxegabe batena da iragan igandean Biarritzeko aireportutik hurbil ibiltari batek atzeman zuen hezurdura.

Iragan igandean, arratsaldeko laurak aldera, bere txakurrarekin ibiltzera atera zen emazte batek aurkikuntza kezkagarria egin zuen. Biarritzeko aireportutik oso urrun ez dagoen bidexka batetik metro batzuk aldendu eta aterpe moduko bat atzeman zuen. Oihal dendaren barruan gimnasia ariketak egiteko taula baten gainean, etzanda, pertsona baten eskeletoa atzeman zuen.

Emazteak berehala eman zuen abisua. Zehazki, Baionako Poliziarekin batera, Bordeletik heldutako aditu forentseak hartu zuen ikerketaren ardura. Atzo Poliziak jakitera eman zuenez, gizonezko bat zen hildakoa eta heriotza urtebete inguru gertatu zen.

Poliziaren arabera, etxegabe bat zen oso jende gutxi igaro den paraje horretan bakardadean hil zen pertsona. Nehork ez zuela gizonaren desagertzea jakinarazi gehitu zuen.

Gizonezkoaren gorpuak beste norbaiten bortizkeria aztarnarik ez zuela frogatu ahal izan denez, «heriotza naturala» izan zela ondorioztatu du Poliziak, France Bleu irratiak atzo zabaldu zuenez.

Heriotza gertatu zenetik denbora luzeegia iragan denez, azterketek ez dute heriotzaren arrazoia zehaztu. Poliziak dioenez, bi aukera daude: gizonezkoa bihotzekoak jota hil zen, ariketak egiten ari zenean, edo muskulazioa egiteko pisuak nahi gabe gainean erori ondoren hil zen.

Aurretik abisurik ez

Poliziari abisu eman zion emazteak kasualitatez atzeman zuen oso-osorik zegoen eskeletoa. Aurretik ez zuen inork haren falta sumatu. Bere txakurrak ihes egin ziola-eta bidetik urrundu eta oihal denda batean atzeman zuen Poliziaren arabera etxegabe batena zer hezurdura.

Bestalde, asteartean, harresitik erorita hil zen gizonezko bat atzeman zuten ikasle batzuek Lapurdiko hiriburuan. 62 urte zituela eta bere buruaz beste egin zuela baieztatu zuen atzo Poliziak.