Ritxi  Aizpuru
Musika argitaratzailea eta ‘Otea lili’ saioko gidaria

Musikaren haserreak

Erakusmahaia zuten musikari askoren haserrea hitzak entzun dira Landakon. Salmentek behera egin dute; batez ere, 2019koekin alderatuta. Askorentzat deskalabrua izan da. Erakusmahaien salneurria mantendu egin da. Gerediagak Durangoko Azokari jarri dion edukierari begiratu diote hainbat “saltzailek”. Landako aretoaren gehienezko edukiera, gutxi gorabehera, 4.500 lagunekoa da, baina Gerediagak 1.200 lagunera jaitsi du (Plateruenakoa, 350, eta futbol zelaietan, 35.000). Guztira 25.000 sartu dira (2019an, 110.000). 1,5 milioi euroko fakturazioa galdu da.

Kultura ikuspegi ekonomizistatik begiratzea ez da kulturari hausnarketa egiteko modurik libreena, baina musikan inbertsioak egin ondoren, norberak eman dionari gutxieneko errendimendua atera nahi dio. Maiz aipatu dut: musikaren sektorea izango da profesionalki dedikazio txikiena duena. Musikariek, normalean, ez dute musikari ofizioa; bizitzeko sosak beste lanbide batetik atera ohi dituzte. Musikaren industriari laguntzak eman zaizkionean, gehienbat enpresetara zuzendu dira. Osasun larrialdian ikusi da laguntzak industriaren paper legalak zituztenei bideratu zaizkiela, eta musikari eta teknikariak batez ere, paperik gabe zeudenez, ez dira iritsi laguntzetara. Kultura eta musika aisialdi kontsideratu ditu sistemak, eta ikuspegi hori aldatu ezean, normala da musikarien ofizioa musika ez izatea. Musikari askok jarri dute erakusmahaia.