«Tromelin, esklabo ahaztuen uhartea» erakusketa, Donostian
«Tromelin. Esklabo ahaztuen uhartea» erakusketa Donostian dago ikusgai urtarrilaren 8ra artera arte. Nantes eta Bordelen izan ostean, Baionako Euskal Museoan izan zen 2017an, eta datu berriekin osatuta aurkeztu du Euskal Itsas Museoak. Xabier Alberdi museoko zuzendariak eskifaiako Hego Euskal Herriko itsasgizonei izen-abizenak jarri dizkie –Iparraldekoenak ezagutzen ziren–. Gertaera lazgarri hura komiki, liburu zientifiko zein liburu nobelatuan jaso da.

1760. urtera egingo du atzera bisitariak. Urte hartan Indiako Ozeanoko uharte ezezagun txiki batean hamabost urtez “ahanzturan” utzi zituzten 80 esklabo malgaxeen bizipen latzei jarri die fokua erakusketak, baita pasarte hartan euskaldunek izan zuten parte-hartze zuzenari ere.
Baionako portutik itsasoratu zen bertan prestatutako ontzia. Helmuga, Maurizio Irlak. Eskifaiaren zati handi bat lapurtarra zen; kapitaina bera ere bai. Ehun bat lagun.
Xabier Alberdik Hegoaldeko parte-hartzea ikertu du. Joseph Echeverria (Donostia), Joseph Aparola (Hernani), Pedro de Marquina (Lekeitio), Carlos de Ipalagorria (Lekeitio), Martin Marticorena (Urdazubi), Francisco Echeverria (Urdazubi), Pedro de Horga (Urdazubi), Santiago Ecatcha (Bilbo) eta Joseph Goldones (Bilbo) itsasgizonen berri izan du Alberdik garaiko dokumentuak arakatuz. Nanteseko erakusketari erantsi zaion panelean ikus daitezke.
Baionatik Mauriziorako bidean Pasaian hilabete batzuetako geldialdia egin zuten. «Horren jakitun ziren eta bidaia doan egiteko baliatu zuten euretako batzuek, behin Pasaiara iristean ihes egiteko», argitu zion atzo Alberdik GARAri. Baina izan zen itsasoratu zen euskaldunik.
Baionatik Maurizio uhartera burdina eta Europako merkataritza gaiak zeramatzan ontziak, Lafargue kapitain zutela. Hura hiltzean Vernet-ek hartu zuen ontzian agintea. Mauriziora irisitakoan, hango kolonia-administratzaileek Madagaskarrera bidali zuten ontzia jaki bila, eta, janariaz gain, 160 pertsona eraman zituzten bahituta. Bueltan, Europara, kotoizko oihalak eta espezieak zekartzaten. Madagaskarrera ezohiko itsasbidea hartu zuten eta ozeano ikaragarri hartan kilometro eskaseko irlarekin egin zuten topo. Mapetan ere ia ez zen agertzen, ez zegoen bertan bizitzerik. Hondarrezko Uhartea.
«Euskaldunon garaiko itsas jarduerak badu atal beltz bat ere. Garai hartan oso ohituta zeuden kontrabandoan aritzera, eta orduko mentalitatea erakusten du; esklaboak merkantzia dira. Hartu eta bodegan legez kanpo sartu zituzten. Handik irten ezinik, ateak itxita, irla inguratzen duen koralezko uharriaren kontra jo eta ontzia zulatu zenean erdiak ito egin ziren, 80 inguru. 1761eko abuztuaren 1a zen. Tripulazioko kide batzuk ere hil ziren, baina gehientsuenak bizirik atera ziren», gogoratu zuen.
Ontzien zatiekin baltsa egiteko konbentzitu eta «laster itzuliko gara zuen bila» esan zieten. Hamabost urte igaro ziren ontzi batek jaso zituen arte.
Kapitaina hil ondoren, haren ordekoak «kontzientzia arazoak» tarteko, gertaeraren berri eman zuen eta frantziar jendartean eskandalua sortu zuen albisteak, esklabuak uhartean utzi eta hiruzpalau urtera. Baina inor ez zuen ezer egin. 1775ean bidali zuen erregeak lehen salbamentu-txalupa. Hura irauli eta marinel batek uhartean geratu behar izan zuen. Handik urtebetera, bigarren saiakeran, lortu zuten. 7-8 emakume eta 8 hilabeteko haurra aurkitu zituzten bizirik. Erregearen Armadako ontziko kapitainak, bere abizenez –Tromelin – izendatu zuen uhartea.
Objektuak
Urte luzez egindako ikerketa arkeologikoaren (2008-2013) emaitza da erakusketa. Uhartean bertan aurkitu diren hainbat objektu arkeologiko ikus daitezke –sukaldean aritzeko ontziak, petatxua josita, edalontzi gisa erabilitako maskorrak…–, eskuz eraikitako etxeen maketak, irudiak… baita aztarnategian arkeologoek egindako lana jasotzen duen ikus-entzunezkoa ere.
Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak «gizarte bat eraiki» zutela azpimarratu du. «Zibilizazioa sortu zuten, beraien jatorrizko kulturan egiten ez zituzten hainbat gauza egin beharrean aurkitu baitziren biziraun ahal izateko –esan zion atzo GARAri. «Madagaskarren, esaterako, etxebizitzak zurezkoak ziren, lastoz egindako estalkiekin. Irlan, berriz, harrizkoak egin behar izan zituzten. Irla duna bat zenez, olatuak etxeen gainetik pasatzen ziren eta trintxera modukoak egin behar izan zituzten», azaldu zuen.
Hainbeste urtean apaingarriak egiteko astia ere izan zuten. «Pentsa ze egoera bizi izan zuten, eta ikusten da tartea ere egon zela apaintzeko». Ile-orratzak, bitxiak (eskumuturrekoak, kateak)… ikus daitezke. Alberdiren esanetan, «batetik, bizitzeko grina erakusten dute, bizirauteko oinarrizkoa dutena eraikiz, eta baita bizipoza ere».
Erakusketa Nantesko Historia Museoaren eta Ikerketa Arkeologiko Prebentiboen Institutu frantsesaren (INRAP) arteko lankidetzari esker prestatu da. Erakusketaren harira antolatutako ekitaldi sorta web orrian (https://itsasmuseoa.eus/eu/) kontsulta daiteke.

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil
